Berezia izango da bigarren eskuko azoka gaurkoan, Liburuaren Egunari begira

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 13a, 00:00

Hainbat herritar liburuei begira, aurreko bigarren eskuko azoka batean.

Urbieta kalean jarriko dute azoka, goizeko 10:00etatik 13:30etara; eta bertan, 'Letrekin dantzan' ipuin kontaketa eskainiko du Haizea Loirak, eguerdiko 12:00etan. Gainera, postu bakoitzean ere liburuak izango dira.

Gaur jarriko dute bigarren eskuko azoka, Urbieta kalean, goizeko 10:00etan hasi eta 13:30ak arte. Hileroko azokak berezitasunak izango ditu hilabete honetan, eta literaturak hartuko du protagonismoa. Izan ere, apirilaren 23a da Liburuaren Eguna, eta horri begira jarriko dira gaurkoan.

Hori horrela, 'Letrekin dantzan' ipuin kontaketa saioa antolatu dute eguerdiko 12:00etarako, azokan bertan. Haizea Loira Matxiñenak eskainiko du, 3 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta; eta ordubete inguruko ipuin kontaketa musikala izango da.

Bere emanaldietan, haurren literaturako hainbat ipuin harilkatu ohi ditu Haizea Loirak, musikaz eta dantzaz lagunduta, tresna ezberdinak baliatuz. Haurren irakurzaletasuna eta liburuekiko zirrara bultzatzea da asmoa, liburuaren euskarri fisikoa eta ilustrazioak baliatuz; baina garrantzia haundia dute kantuek eta dantzek ere: horrela, entzuten dituzten istorioak, gorputz adierazpenaren eta kantuaren bidez sentitzen dituzte haurrek. Musika tresna ezberdinak baliatzen ditu kontalariak, ipuin, kantu eta dantza bakoitzari ondoen egokitzen zaiona erabiliz.

 

Ipuin kontaketa musikatua eskainiko du Haizea Loirak, bigarren eskuko azokan.

 

Liburuak, azokako postu guztietan

Ohi bezala, denetik izango da bigarren eskuko azokako postuetan, eta aukera zabala topatuko dute herritarrek: jostailuak, mota guztietako etxetresnak, apaingarriak, pitxiak, arropa, oinetakoak, poltsak, erremintak...

Liburuak, ipuinak eta komikiak saltzen dituzten postuak ere jartzen dituzte hilero azokan, baina oraingoan, postu guztietan izango dute bere tokia liburuek, Liburuaren Eguneko ospakizunarekin bat eginez. Hori horrela, postu denetan jarriko dituzte liburuak, arreta berezia jarri nahi izan baitiete apirileko azoka honetan.

 

Behemendiko Azoka, gaur goizean Plaza Berrin

Bigarren eskuko azokak bezalaxe, gaur egingo du geldialdia Hernanin Behemendiko Azokak ere, hileko bigarren larunbata izanik. Plaza Berrin jarriko dituzte postuak, goizeko 09:00etan hasi eta 14:00ak arte, mota guztietako produktuekin: behi, ahuntz eta ardi gaztak, txekorkiak, txerrikiak, euskal pastelak, sagar tartak, erroskillak, madalenak, ogia, lore eta landareak, barazkiak...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!