Auzo batzarren erronda hasiko dute asteartean Hernani Burujabeko kideek

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 13a, 00:00

Bidea Herritar Taldeko kideak joango dira auzoz auzo, Hernani Burujaberen oinarriak eta proiektuak herritarrei azaltzeko.

«Herriaren diagnostikoa» egiteko helburuarekin, asteartean, hilaren 16an, auzo batzarrak egiten hasiko dira Hernani Burujabeko Bidea Herritar Taldeko kideak. Guztira zortzi saio antolatu dituzte, eta Etxeberriko Auzo Elkartean izango da lehenengoa, arratsaldeko 18:30etan. Herritar guztiei egin diete parte hartzeko deia. 

Datorren astean egitasmo berri bat jarriko du martxan Hernani Burujabeko Bidea Herritar Taldeak: auzo batzarrak. Zortzi bilera egiteko hitzordua jarri dute, herriko eremu bakoitzeko beharrak identifikatzeko; izan ere, Hernani Burujabetik azaldu dutenez, «auzoetan egingo diren saio guzti hauek, herriaren diagnostikoa egitea dute xede». 

Auzo batzarrak egitearen arrazoia hiru helburu zehatzetan banatu du Hernani Burujabek. Hasteko, Hernani Burujaberen jarduna auzoetara helarazi nahi dute, orain arte egindako lana ezagutarazteko. Horretarako, proiektua bere osotasunean azaltzeaz gain, lan ildo eta esparru ezberdinetan garatutako proiektuei buruzko xehetasunak emango dituzte batzarretan. 

Proiektuak ezagutaraztearekin batera, herritarrak horietara batzea da Hernani Burujabeko kideen bigarren helburua. Bilerak baliatu nahi dituzte «inplikazioa, aktibazioa eta konpromezu kolektiboa» pizteko. Azkenik, auzoei lotutako helburua jarri dute, tokian tokiko beharrak ezagutu eta horietan ekiteko: «Beharrezkoa zaigun informazioa jaso nahi dugu aurrera begirako lehentasunak aurreikusteko eta diagnostikoa egiteko. Hori izango da proiektuak auzoekin lotzeko abiapuntua». 

 

Burujabetzen Kontseiluaren bidelerroa markatuko du diagnostikoak

Auzoz auzo egingo dituzten batzarretatik eratorritako informazioak Burujabetzen Kontseilua ardazteko ere balioko du. Hernani Burujaberen urteko helburuetako bat da Burujabetzen Kontseiluaren behin behineko osaketa: «Planifikazio  marko gisa eratzen da kontseilua, eta Hernaniren bilakaera sozial, ekologiko eta ekonomikoa  norabidetuko  duen  planifikazioa  modu  garden,  zuzen  eta  demokratikoan  definitzeko zeregina edukiko du», azaldu dute.

Horretarako, Hernani Burujabetik ezinbestekotzat jo dute herritarren parte hartzea: «Modu garden,  zuzen  eta  demokratikoan  egin  beharreko  planifikazioa diogu. Hori dena, ordea, ezin lortu herritarrak prozesu horretan parte aktibo izan gabe; horri erantzuna emateko asmoz, hain zuzen, antolatu dira auzo batzar hauek». 

Hurrengo urteko ekintza plana auzoetan identifikatutako beharrekin osatuko dute; hau da, Hernani Burujabe osatzen duten sektoreek diagnostiko horietan oinarritu beharko dute euren jarduna. Horrez gain, Burujabetzen  Kontseiluak onartuko ditu Hernani Burujaberen lehentasunak eta aurrekontuak, bertan sektore guztiek izango baitute ordezkaritza.  

 

Zortzi saio, apirilaren 16tik maiatzaren 16ra

Guztira zortzi saio antolatu ditu Hernani Burujabek. Lehenengoa apirilaren 16an izango da, arratsaldeko 18:30etan, Etxeberriko Auzo Elkartean. Azkena, aldiz, maiatzaren 16an izango da, hau ere 18:30etan, Zelabide Auzo Elkartean. Auzoak taldeka sailkatu dituzte, eremu zabalagoak hartuta, baina nabarmendu dute lehentasuna herritarrek parte hartzea dela: «Bere auzoko hitzordura joan ezin dena, interesa izanez gero, beste bilkura batera azaltzera animatzen dugu; bilatzen duguna jendeak parte hartzea baita».

HERNANI BURUJABE

AUZOETAKO BATZARRAK

APIRILAK 16 - 18:30
ETXEBERRIKO AUZO ELKARTEA

Sagastialde, Sagastialde berri, Iturmendi, Etxeberri, Laiztiaga, Florida, Bestizan kalea eta Antziola.

APIRILAK 18 - 19:00
KARABELGO AUZO ELKARTEA

Karabel, Osiñaga, Portu, Akarregi, Zikuñaga eta Martindegi.

APIRILAK 23 - 18:30
BITERI KULTUR ETXEA

Erdigunea.

APIRILAK 25 - 18:30
BITERI KULTUR ETXEA

Kaxkoa.

MAIATZAK 7 - 19:00
EREÑOTZU

Epele, Lastaola, Ereñotzu eta Pagoaga.

MAIATZAK 9 - 18:30
URUMEA IKASTOLA

Santa Barbara, Tellerigain, Sandiusterri, Karobieta, Lizeaga, Elizatxo eta Txantxilla.

MAIATZAK 14 - 18:30
SORGINTXULOKO AUZO ELKARTEA

Latsunbe, Latsunbeberri, Marieluts, Sorgintxulo, Jauregi bailara eta Galarreta.

MAIATZAK 16 - 18:30
ZELABIDE AUZO ELKARTEA

Zelabide, Florida, Karmelo Labaka, Mañe i Flaquer eta Montevideo.

*Hernani Burujabe: «Aipatu nahiko genuke, datak auzoka banatu ditugula; hori bai, lehentasuna da herritarrek parte hartzea. Hortaz, bere auzoko hitzordura azaldu ezingo balu, interesa izanez gero beste bilkura batera azaltzera animatu nahiko genuke; bilatzen dena jendeak parte hartzea baita». 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!