Goiz Eguzki abesbatza hernaniarrak urteak daramazki Gipuzkoako abesbatzekin elkarlanean. Gaurkoan, berriz, Lapurdiko talde baten bisita jasotzeko aukera izango dute, eta ilusio haundiarekin egin dute kontzertuaren antolaketa lana. Arratsaldeko 17:30etan hasita, Bizi Kantuz eta Goiz Eguzki abesbatzek kontzertua eskainiko dute San Joan Bataiatzailea parroki elizan.
Bizi Kantuz abesbatza, Lapurdiko Bardoze eta inguruko herrietako berrogeita hamar abeslarik osatzen dute. Taldea elkarbizitzarako iturri da eta bizirik mantentzen ditu euskal kantuaren tradizioa eta oro har, musikaren kultura. Gutxitan izaten da gurean Iparraldeko abesbatza bat entzuteko aukera, beraz, hernaniarrak eta inguruko herritarrak gonbidatu nahi dituzte kontzertura hurbildu eta kantuaz gozatzera.
Philippe Guichenduck zuzendariak, 20 urte baino gehiago daramazki taldean. Beti aritu da musikarekin lanean. Musika klasikoan trebatu ondoren, kantu eta abesbatza zuzendaritzako ikasketekin jarraitu zuen Leticia Casabiancarekin, Baionako Kontserbatorioan.
Errepertorio zabala eskeintzen dute bereaien emanaldietan: euskal abesti tradizionalak eta garaikideak, pieza klasiko erlijiosoak eta profanoak, eta baita munduko hainbat lekutako abestiak ere.
Emanaldiak a capella izaten dira normalean, baina, pieza jakin batzuetan, Gisèle Lacroixek laguntzen ditu pianoarekin edota akordeoiarekin.
30 urteko esperientziarekin, talde honek Euskal Herritik eta estatu frantsesetik kanpo ere hainbat leku bisitatu ditu.
Hain zuzen ere, 2009-10 urtetan Mozarten Requiema kantatu zuten Baionako, Lescarreko eta Daxeko katedraletan. 2011n Gounoden Clovis meza eta Karl Orfen Carmina Burana deritzona hainbat lekutan interpretatu zituzten, baita Verdiren Requiema ere. 2019an Bizi Kantuz abesbatzak bere 30garren urteurrena ospatu zuen, eta bigarren CDa, Bidean izenekoa, grabatu zuen orduan.