Euskadiko Txapelketak jokatuko dituzte jubenilek eta kadeteek

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 13a, 00:00

Kadete mutilen txapelketa gaur Hernanin jokatuko da. Kadete neskek Galdakaora bidaiatuko dute, eta jubenil nesken eta mutilen txapelketak, Getxon eta Gallartan izango dira.

Asteburu garrantzitsua biziko du boleibolak Euskal Autonomi Erkidegoan, Euskadiko Txapelketak jokatuko baitira kadete eta jubenil mailetan.  

Gainera kadete mutilen txapelketa gaur Hernaniko kiroldegian izango da. Goizeko 10:00etatik aurrera Udapa Jatorkide, Gallarta, Ipar Titanak, Bera Bera, Sestao, Carmelitas, Salbatore Mitxelena, Rekalde 2, Harresi eta Hernani 1 lehiatuko dira garaipenaren bila. Hernani 1ek, Salbatore Mitxelenaren aurka debutatuko du 11:30etan. Arratsaldean 16:00etan finalaurrekoak jokatuko dira, eta 18:00etan finala izango da.

 

Beste hiru txapelketa

Kadete neskek Galdakaon izango dute Euskadiko Txapelketa. Hau ere gaur 10:00etan hasiko da, eta zortzi talde arituko dira nor baino nor: Madre de Dios, Sestao, Ekialde, Galdakao, Gallarta, Getxo, Tolobolei eta Hernani. Hernaniarrek 10:00etan jokatuko dute lehenengo partidua Madre de Diosen kontra. Finalaurrekoak 13:00etarako daude iragarrita eta finala 17:00etan hasiko da.

Jubenil nesken eta mutilen txapelketak ere Bizkaian jokatuko dira, baina bihar jokatuko dira. Neskek Getxon jokatuko dute eta sei talde lehiatuko dira: Madre de Dios, Vialki Jatorkide, Sestao, Ekialde, Galdakao eta Hernani. Hernanik Galdakao izango du aurkari 12:00etan. Finalaurrekoak 13:00etan hasiko dira eta finala arratsaldeko 16:00etan.

Jubenil mutilen Euskadiko Txapelketa Gallartan izango da. Bihar 10:00etan Hernanik Madre de Dios izango du aurkari eta beraiekin batera izango dira lehiatzen: Udapa, Galdakao, sestao, Gallarta, Maierrota eta Rekalde. Hemen ere, finalerdiak 13:00etan jokatuko dira, eta finala 17:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!