Kontzertu berezia prestatu du Goiz Eguzki abesbatzak bihar arratsalderako. Oraingo honetan ez dira bakarrik arituko San Joan Batailatzailearen parrokian, Lapurdiko Bizi Kantuz abesbatzarekin batera eskainiko baitute emanaldia. 17:30etan hasiko da kontzertua.
Bizi Kantuz abesbatza Bardozeko eta inguruko herrietako berrogeita hamar abeslarik osatutako taldea da. Abesbatzaren ezaugarri nagusia da bizirik mantentzen duela euskal kantuaren tradizioa: «Errepertorio zabala eskaintzen dute beraien emanaldietan; euskal abesti tradizionalak eta garaikideak, pieza klasiko erlijiosoak eta profanoak eta baita munduko hainbat lekutako abestiak ere».
Bestalde, Goiz Eguzkitik nabarmendu dute 30 urteko esperientzia duela Lapurdiko abesbatzak, eta taldeko zuzendariaren lana goraipatu dute: «Phillipe Guichenduck zuzendariak 20 urte baino gehiago daramatza taldean. Beti egon da musikara dedikatua».
Dena prest dute jada biharko kontzerturako, eta abesbatzako kideek herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbidapena.