«Ezinbestekoa da herritarren eta ekoizleen arteko lotura sortzea»

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 12a, 00:00

Arturo Villanueva Biba Azokaren aurreko edizio batean.

III. Biba Azoka antolatu dute iganderako, Diametro 200 espazioan. Euskal Herriko 14 upategitako ardo ekologikoak dastatzeko aukera izango da bertan. Arturo Villanueva antolatzailearekin hitz egin du Kronikak. 

Zer da Biba Azoka? Zer topatuko dute bertaratzen direnek?

Biba Ardoak euskal mahastizainen kooperatibak antolatutako azoka da. Gure helburuetako bat da Euskal Herrian ardo kultura berria, bizia, osasuntsua eta herrikoia sustatzea, eta xede horrekin antolatu dugu azokaren hirugarren edizio hau. Aurtengoan aldarrikatu nahi dugu azokek duten rola, ekoizleen eta herritarren arteko topagune bihurtzen dira, eta horren alde egin nahi dugu. Herritarrekin egotea ezinbestekoa da jendeak ezagutu dezan gure ardoa, gure bizimodua, gure egoera... Ezinbestekoa da lotura horiek sortzea. Gainera, lortu nahi dugu lotura hori festa giroan sortzea, ardoaren alde herrikoia eta festazalea aldarrikatzeko. Ardoa oso elementu politikoa da guretzat, eta tresna bat da elikadura burujabetzaren alde egiteko.  

Hirugarren edizioa egiteko Diametro 200 gunea hautatu duzue. Zer dela eta? 

Diametro 200 ostalaritzan elikadura burujabetzaren bidean aitzindaria den proiektua da. Duela 10 urte sortu zuten, eta gaur egun gure aliatuak dira norabide horretan. Haiek proposatu ziguten aurtengo azoka euren espazioan antolatzeko, eta plazer haundiz onartu genuen eskaintza. Oso koherentea da bertan egitea azoka, helburuekin guztiz bat gatozelako. Are gehiago Hernanin izanda, burujabetzarekin lotura haundia duen herria baita. 

Zerk desberdintzen du Biba Azoka gainontzeko azoketatik? 

Desberdintasun haundiena da gurean mahastizain ardogileak egongo direla. Normalean, ardo azokak egiten direnean, upategi haundiek langile bat bidaltzen dute, enologoa gehienetan. Sekula ez da mahastizain ardogilea joaten, horietan ez dago mahastiak landu eta berak ekoitzitako mahatsarekin ardoa egin duen pertsonarik.  Mahastigintza industriala praktikatzen dutenek amalurra erabat kaltetzen dute. Gurea juxtu kontrako norabidea da, txikitasunetik mahastizain ardogileen giza alderdia aldarrikatu nahi dugulako. Ardoa elikadura da, elikagai fisikoa eta emozionala, eta horrelako proposamen baten helburua da komunitatea trinkotzea, osatzea eta sendotzea da.

Zeintzuk dira mahastizain ardogileen baldintzak?

Egoera larria da, oso gogorra, eta ezinbestekoa da herriaren sostengua. Hain zuzen ere, horregatik ematen diogu garrantzia azokaren moduko ekitaldi bati. Herritarrek hartu behar dute kontzientzia, ikusi behar dute zein baldintzetan ari garen lanean, nola lantzen den ardoa, eta mahastizain guztiak ez garela berdinak.  Ardoa bihurtu da espekulaziorako zerbait, kapitalismo basatiak hartu ditu lan dinamikak, eta guk horren kontra egin nahi dugu. 

Produktuei dagokienez, zer ardo mota dugu azokan?  

Denetarik. Txuriak, beltzak, gorriak, klareteak, txanpain metodokoak, laranja... Oso dibertsifikatua dago gure katalogoa. Denak dira ardo ekologikoak, poltsiko eta gustu guztientzat ekoitziak. 

Ardoaz gain, beste zenbait produktu ere izango dira, ezta?

Hori da. Azoka Hernanin antolatu dugunez, sagardoa egiten duten lagun batzuk gonbidatu ditugu. Mahastizain batzuk beste zenbait produktu ere ekoizten dituzte, eta horiek ere eramango dituzte azokara. Gainera, ospakizunerako eguna denez, Kaxildako lagunak, Mattin marrazkilaria edo Amillubiko kideak ere gonbidatu ditugu.

Festa giroa sortuko duzue Diametro 200en.

Bai. Azokara sartzeko 10 euro ordaindu beharko dira, bertako produktuak dastatzeko eta erosteko, denak upategiko prezioan. Ondoren, sarrera librea izango da DJetarako, eta Diametro 200 esklusiboki egongo da irekita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!