«EH Bilduk uste du gehiengo absolutua izateagatik egiaren jabe dela», kritikatu du EAJk

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 10a, 00:00

Besteak beste, atez ateko sistema «gezur bola haundi bat» dela azpimarratu du Andoni Amonarraizek.

Martxoko osoko bilkura gogora ekarri du Hernaniko alderdi jeltzaleko bozeramailea den Andoni Amonarraizek, ondorengoa aipatuz: «EH Bilduk mozio baten aurka bozkatu zuen martxoko osoko bilkuran. Aipatutako mozioan, eskatzen zen herritarrei galdetzea zer nolako asebetetze maila duten, atez ateko sistemari dagokionean. Modu honetara, herritarren proposamenak jasoko ziren atez ateko bilketa sistema hobetzeko, eta ekarpen hauek publiko egitea ere eskatzen zen mozioan. Ez zen inola ere planteatzen 5garren edukiontzia jartzea. Uste dugu, beste behin ere argi gelditu dela herritarren partehartzea eta Hernaniko gardentasuna gezurra dela».

«Atez ateko sistema gezur bola haundi bat» dela ere azpimarratu du Amonarraizek, eta ondorengoa gehitu du: «munduan zehar saldu da sistema, bi alkateek bidaiatu dute horri buruz hitz egiteko, Hego Amerikara edota Italiara, eta hondakinak biltzeko sistema honetan badirudi ezin dela ezer iradoki edota aldatu, ukiezina da. Berdin dio egunero herriko zoruetan zabor poltsak agertzea, edota kostu izugarria suposatzea, edota pertsonen intimitatearen aurka egiten duena (konpresentzako edukiontziak eta haurtxoentzako nahiz inkontinentzia duten pertsonentzako pixoihalak). Eta EH Bilduk ez du uzten sistema ukitzean».

Bestalde, EAJko bozeramaileak ondorengoa baieztatu du: «mozioa bertan behera gelditu ondoren, eskatu zuen zifrak erantzukizunez eta beti egiatik tratatzea. Une hartan, esaten ari zenaz jabetuta, hitza eskatu nuen eta ukatu egin zidan. Argi dagoena da, EH Bilduk hondakinak biltzeko sistemarekin lotutako zifrak ez dituela gustuko, ez ditu aztertu nahi  (hamaika aldiz eskatu diogu) eta nahiago du pentsatu benetakoak ez direla. Adibidez, Beasaingo 2022ko datuei buruz: etxez-etxeko bilketa egiten dute edukiontziekin, 14.000 biztanle izanik: %76 birziklatu egiten da eta %24a izan da errefusa. Hernanin berriz, atez ateko hondakin bilketarekin, (20.000 biztanle): %75,5 birziklatzen da eta %24,5 izan da errefusa. Gainera, Hernaniko hondakin bilketa askoz ere garestiagoa dela zer esanik ez».

Amaitzeko, Amonarraizek  EAJren izenean dio, zifrak zenbakiak baino ez direla: «baina hor daude, aztertu daitezke, nahi bada. Beste kontu bat da ikusi nahi ez izatea. Atez Ateko bilketa sistema beti izan da helburu politiko bat. Erabiltzen dute sistema hau munduan zehar saltzeko eta denek jakin dezaten zeinek agintzen duen Hernanin. Beraz, guk jarraituko dugu ikusarazten atez ateko sistema garestia, zikina eta deserosoa dela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!