'Eskuz esku. LAB zabaltzen' dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia gaur, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 10a, 00:00

Lab: Dokumentalaren proiekzioarekin hasiko da ekitaldia, arratsaldeko 18:00etan.

Arratsaldeko 18:00etan hasiko da ekitaldia Biterin, dokumentalaren proiekzioarekin, eta jarraian, LABeko militante historiko zein gaur egungoek beraien bizipenak kontatuko dituzte Biteriko ekitaldian.

LAB sindikatuak 50 urte bete ditu, eta aitzakia hori hartuta, gaur arratsaldeko 18:00etarako ekitaldia antolatu dute Biterin. Bertan, 'Eskuz esku. LAB zabaltzen' dokumentala ezagutzera emango dute, eta ondoren, LABeko militante historiko zein gaur egungoek beraien bizipenak kontatuko dituzte, besteak beste. 

Modu honetara, sindikatuaren sorrera gogoratuko dute ondorengoa azalduz: «duela 50 urte, langile abertzale talde batek jarri zuen gaur LAB denaren hazia. Zuhaitz baten hazkundearekin konparatu nahi izan dugu sindikatuaren bilakaera. Jarritako hazia ernaldu egin zen eta hazi horrek sustraiak bota zituen. Sustraiei sendo eutsita, adarrak zabaltzen ari gara orain, gure egitasmoa aberasten, zabaltzen ari gara». 

Era berean, «nazio kontzientziaren hazia» erdigunean jarri nahi dute sindikatuko kideek: «sindikatua frankismoan sortu zela gogoratu nahi dugu. Ezker Abertzaleak euskal nazio askapenerako egitasmoa birsortu zuen. Herri honen askatasunaren alde, diktadurari aurre egin eta bere onena eman zuen eta ematen ari da».

LABek dio esplotaziorik gabeko jendartea sortzea dela bere anbizioa, bai Euskal Herrian baita mundu osoan ere: «historian zehar eta lurralde desberdinetan esplotazio kapitalistari aurre egiten ari den Internazionalaren parte moduan kokatzen dugu LAB». 

«Feminismoaren hazia» ere baduela gaineratu du LABek: «horrela, emakumeenganako zanpaketa, diskriminazioa eta bortizkeria oro ezabatu nahi dugu lan munduan zein jendartean». Amaitzeko denentzako bizitza bizigarria aldarrikatu du: «Kapitala baino, bizitza nahi baitugu erdigunean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!