Euskoprincess artista hernaniarrak 'Futarani' single berria argitaratu du, eta single honekin bere «ametsik hezeenetan» murgildu da. Indartsu itzuli da bere hurrengo mixtapea izango den Totosaki lanaren lehenengo aurrerapenarekin, «ametsen eta errealitatearen arteko soinu odisea batekin», hain zuzen.
'Futarani' singleak «ametsetako lekurik ezkutuenera» eramaten du entzulea, «non sentsualak eta industrialak bat egiten duten». Argitaratutako azken single hau, bete-betean murgiltzen da sentsazio sutsu eta iradokitzaile batean, «lirika espezializatuarekin eta sentimendu zintzoekin». 'Futarani', kolaborazioz, soinu disruptiboz, polemikaz, soinu jokoz, argiz eta iluntasunez betetako lana da.
Produkzio lanak Miruako Mattinek egin ditu, tentsiozko eta amodiozko atmosferak sortuz. Era berean, 'Futarani'k errealitatearen eta desiraren arteko mugak lausotzen ditu. Terrier Filmsek zuzendutako bideoklipa da, eta «ahalduntze adierazpen bat» helarazi nahi dute. Bideoan, tabu diren gaiak aztertzen ditu musikari hernaniarrak; besteak beste, emakumeen trasngeneroekiko harremanak. Mugak desafiatzen ditu, Hernaniko espazio ilun batean kokatuta. 'Futarani' lanarekin, Euskoprincessek «sexualizazioari aurre» egin nahi dio. Ondorengo helbidean dago ikusgai 'Futarani' singlearen abestia eta bideoklipa: youtube.com/watch?v=1IPFoQznt68