Garaipen ederra lortu zuten Hernaniko Euskal Ligako neskek Zubipen, Cesiak sartutako hiru golei esker

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 9a, 00:00

Cesia Soto izan zen partiduko protagonista nagusia, hernaniarren hiru golak sartuta.

Añorga B 3-0 menderatu zuten berdeek etxean, eta seigarren postua sendotu dute, atzekoekin aldea haundituta. Bolada gozoan sartuta daude hernaniarrak, azkeneko hiru partiduak irabazita. Zazpi jardunaldi daramazkite porrotik gabe.

Sasoi puntu bete-betean dago Hernani, emakumezkoen Euskal Ligan. Gabonetako etenaldiaren ondoren, kosta egin zitzaien berdeei urteko aurreneko garaipena lortzen, baina otsaileko azkeneko asteburuan Lakua menderatu zutenetik, gozo-gozo dabiltza. Ez dute porrotik jaso azkeneko zazpi jardunaldietan, eta irabazi egin dituzte azkeneko hiru partiduak.

Baita nagusitasunez irabazi ere. Aranbizkarra 6-0 eta San Ignacio 1-4 menderatu ondoren, etxean eman zuten beste kolpe bat berdeek, joan den larunbatean: 3-0 irabazi zioten Añorga B taldeari.

Talde osoaren lana da goraipatzekoa asteotan, baina protagonista nagusi bat izan zuen larunbateko partiduak. Izan ere, Cesia Sotok sartu zituen taldearen hiru golak.

Hasieratik bukaerara izan zen nagusi Hernani, sailkapenean bi taldeen artean zegoen aldea zelaian erakutsita; eta berdeen nagusitasun hori markagailura eraman zuen Cesiak, gol aukeretako hiru baliatuta.

Garaipen horrekin, seigarren postua sendotu du Hernanik Euskal Ligako sailkapenean. 48 punturekin dago orain, eta haunditu egin du zazpigarren sailkatuarekiko aldea, galdu egin baitzuen Erandioko Betiko Neskak taldeak.

Liga Nazionaleko mutil jubenilek galdu, Aurrera de Vitoriaren kontra

Larunbatean bertan, baina goizean, Hernaniko mutil jubenilek ere jokatu zuten, Liga Nazionaleko partidua. Haiek, ordea, galdu egin zuten, Aurrera de Vitoriaren kontra (1-2). Aurkari gogorra zuten berdeek aurrean, baina etxean ari zirela baliatu nahi zuten, puntuak pilatu eta jaitsiera postuetatik aldentzeko. Oso berdindua izan zen lehia, eta halaxe erakutsi zuen markagailuak ere, banako berdinketarekin, partidua bukatzeko minutu gutxi falta ziren arte: 88garrenean sartu zuten gasteiztarrek 1-2koa, eta punturik gabe utzi zituzten etxekoak.

Erlazionatuak

Euskal Liga: Hernani-Añorga

Kronika - Erredakzioa api 08 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!