Igandean iritsiko da Hernanira Euskal Herriko Ardo Ekologikoen Azoka

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 8a, 00:00

Arrakastatsuak izan dira aurreko bi edizioak.

Euskal Herriko 14 upategitako 100 ardo baino gehiago dastatzeko aukera izango da.

Igande honetan, hilaren 14an, iritsiko da Hernaniko Diametro 200 espazio gastronomikora III. Biba Azoka; Euskal Herriko Ardo Ekologikoen Azoka. Biba Ardoak kooperatibak antolatutako azoka da, ardo kultura «berria, bizia, osasuntsua, arduratsua eta herrikoia» sustatzeko asmoz sortua. 

Donostian egin dituzte orain arteko bi edizioak, baina, proposamen berezi bat tarteko, Hernanira lekualdatu dute azoka. Izan ere, Orona Fundazioan dagoen Diametro 200 proiektuak 10 urte beteko dituela aprobetxatuta, azokaren antolatzaileei bertan egiteko eskaintza luzatu zien Fede Pacha astigartarrak. 

Proposamen hori gauzatu egingo da igandean, eta bertan Euskal Herriko 14 upategitako 100 ardo baino gehiago dastatzeko aukera izango dute bertaratzen diren herritarrek: «Egun horretan gure mahastizainak zuzenean ezagutzeko parada izango dute bertaratutakoek, baita haien lan egiteko eta bizitzeko modua ere», azaldu dute antolatzaileek. 

Ardogileez gain, beste zenbait ekoizle ere izango dira igandeko azokan. Besteak beste, Iparragirre sagardotegiko produktuak jarriko dituzte azokan, baita Donostiako Kaxilda liburudendako liburuak ere. 

Azoka goizeko 11:00etan zabalduko dute, eta arratsaldeko 18:00ak arte izango dira bertan. Sarreraren erosketarekin (10 euro) ardo kopa bat oparituko dute, eta bertako produktu ugari dastatzeko aukera izango da. Azoka ixten denean, bertan afaltzeko aukera ahalbidetuko dute, Fede Pachak eta bere taldeak prestatutako otordu ederrarekin. Horretarako, afari txartelak aurrez erosi behar dira, 30 euroren truke, https://bibaardoak.eus/ webgunean.

 

 

III. BIBA AZOKA

 

HERNANI, Diametro 200

APIRILAK 14, igandea

11:00-18:00 100 ardo, sagardo, gazte eta olio ekologiko baino gehiago ekoizleen eskutik dastatzeko eta etxalde prezioan zuzenean erosteko aukera.

18:00-20:00 Aperitiboa DIa Radioko DJek alaitua.

20:00 Mahastizainen afaria (mahastizainekin afaltzeko aukera; Fede Pachak eta Diametro 200eko taldeak bertako ekoizleen produktuekin prestatua).

22:00-01:00 Dia Radioko DJekin festa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!