Goiz Eguzki abesbatzak kontzertua eskainiko du larunbatean, Lapurdiko Bizi Kantuz abesbatzarekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 8a, 00:00

Bizi Kantuz abesbatzaren irudia.

Hernaniko San Joan Batailatzailearen elizan izango da bi abesbatzen kontzertua, arratsaldeko 17:30etan.

Kontzertu berezia prestatu du Goiz Eguzki abesbatzak larunbat honetarako. Oraingo honetan ez dira bakarrik arituko San Joan Batailatzailearen parrokian, Lapurdiko Bizi Kantuz abesbatzarekin batera eskainiko baitute emanaldia. Arratsaldeko 17:30etan hasiko da saioa.

Goiz Eguzkik urteak daramatza Gipuzkoako zenbait abesbatzekin trukaketak eta kontzertuak egiten, eta larunbatean estreinakoz arituko dira abesbatza lapurtar batekin: «Ilusio haundiz ari gara bi abesbatzen truke kulturala egiteko antolaketa lanetan», azaldu dute Goiz Eguzkiko kideek.

Bizi Kantuz abesbatza Bardozeko eta inguruko herrietako berrogeita hamar abeslariko osatutako taldea da. Abesbatzaren ezaugarri behinena da bizirik mantentzen duela euskal kantuaren tradizioa: «Errepertorio zabala eskaintzen dute beraien emanaldietan; euskal abesti tradizionalak eta garaikideak, pieza klasiko erlijiosoak eta profanoak eta baita munduko hainbat lekutako abestiak ere». Normalean, a capella abesten dituzte piezak, baina tarteka Gisele Lacroix musikariaren laguntza izaten dute.

Goiz Eguzkitik nabarmendu dute 30 urteko esperientzia duela Lapurdiko abesbatzak, eta taldeko zuzendariaren lana goraipatu dute: «Phillipe Guichenduck zuzendariak 20 urte baino gehiago daramatza taldean. Beti egon da musikara dedikatua. Musika klasikoan trebatu ondoren, kantu eta abesbatza zuzendaritzako ikasketekin jarraitu zuen».

Antolatzaileek buru belarri jarraitzen dute prestaketa lanetan, eta herritarrei larunbatean bertaratzeko deia egin diete: «Hurbildu daitezela kantuaz gozatzera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!