Lehenengo urtea bete berritan, Harrera Bulegoaren lana positiboki baloratu du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 7a, 00:00

Harrera Bulegoko argazkia.

Egindako lanaren errepasoa egin dute Hernaniko Udaletik, datuak eta iritziak uztartuta. Datozen urteetarako zenbait erronka jarri ditu Udalak mahai gainean, horien artean «zerbitzua egonkortzera bidean pausoak ematea». 

Urtebeteko ibilbidea osatu du dagoeneko Hernaniko Harrera Bulego Integralak. Hori dela eta, orain arte egindako lanetik eratorritako datuen balorazioa egin du Hernaniko Udalak. Hernanira bizitzera etorri berri diren pertsonei «harrera egiteko eta herrian lehenengo pausuak errazteko» helburuarekin jarri zuten martxan bulegoa, eta, oraingoz, balorazioa «oso positiboa» da «Udalaren aldetik eta Harrera Bulegora jo duten herritar etorriberrien aldetik»: «Hauek aukera 'oso ongi' baloratu dute, 'ilusioa' aipatu dute, baita 'sorpresa positiboa' ere», azaldu dute Udaletik. 

Harrera Bulegoa ireki zenetik, Hernanin erroldatutako pertsonen %10,1ak hartu du hitzordua bertan. Gehien eskatu den informazioa enpleguari eta hezkuntza aukerei buruzkoa izan da, eta zerbitzua jaso duten pertsonen %91,7ak baieztatu du baliagarria izan dela bertan jasotako informazioa. 

2023ko martxotik azarora, guztira 74 herritar joan ziren Harrera bulegora, eta denbora aurrera joan ahala, haunditzen joan da hitzordu kopurua. 

Amerikarrak eta emakumeak joan dira gehien bulegora

Orain arte bulegotik igaro diren herritarren erdia Ameriketan jaiotako pertsonak izan dira, Hego Amerikan eta Ertamerikan jaiotakoak batik bat. Horrez gain, Harrera Bulegora jo duten gehienak, %55,8a, emakumeak izan dira. 

Etorriberriek Hernaniri buruz duten iritzia ere jaso du Harrera Bulegoak. Nabarmendu dute Hernaniko giroa eta elkarbizitza baloratzen dutela gehien, baita azpiegiturak, zerbitzuak eta garraio publikoa ere. Zailtasunei dagokienez, lana eta etxebizitza eskuratzea dira etorriberrien traba haundienak. 

Zerbitzua egonkortzeko asmoa

Hernaniko Udaletik azaldu dute bulegoaren jarduna «sistematizatzen eta egonkortzen» ari dela, eta bide horretan jarraitzeko asmoa erakutsi du: «Proiektu berri eta berritzailea izan zen Harrera Bulegoa, eta urtebeteko ibilbidea aztertu ondoren, bulegoa egonkortzen jarraituko dugu». 

Astean zazpi orduz eskaintzen du zerbitzua Harrera Bulegoak, eta ordu kopuruak haunditzea da Udalaren helburuetako bat. Bestalde, herriko elkarte eta eragileekin «harrera komunitarioaren kontzeptuan sakontzea» izango da erronka nagusia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!