'Luca' eta 'Puan' filmak ikusgai gaurtik, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 6a, 00:00

Gaur eta bihar jarriko dute 'Luca' haurrentzat, eta gaurtik astelehenera 'Puan' helduentzat, 
bost emanalditan.

Ohiko martxa berreskuratu, eta haurrentzako eta helduentzako pelikula bana jarriko dute asteburuan Biterin. Haurrentzat Luca filma jarriko dute, gaur eta bihar, arratsaldeko 16:45etan. Animaziozko filma da, 95 minutukoa. Itsas ondoko herri eder batean kokatzen da, Italiako Rivieran; eta bertan, uda ahaztezina igaroko du Lucak, bere lagunik onenarekin. Baina dibertsio guztia sekretu haundi batek jarriko du arriskuan: itsas munstroak dira, ur azalaren azpiko beste mundu batean bizi direnak.

Helduentzat, berriz, Puan pe­likula eskainiko dute, bost ema­nalditan: gaur 19:30etan eta 22:30etan, bihar 19:30etan, eta etzi 16:30etan eta 19:30etan. María Alchék eta Benjamín Naishtatek zuzendutako komedia da, 111 minutukoa. Marcelo da protagonista, 50 urte inguruko gizona. Filosofia eta Letren Fakultatean filosofia irakasten eman du bizitza osoa. Katedra-buru, mentore eta pentsamenduaren abentura-lagun izan duena ustekabean hiltzean, asumitzen du berak oinordetuko duela Katedraren titulartasuna, baina ez du espero Rafael Sujarchu lankidea Alemaniatik bueltatuko denik hutsik geratu den postua bete nahian. Lehia bizia hasiko da orduan, estilo eta pedagogia kontrajarriak dituzten bi irakasleen artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!