Zaindua eta zaintzalea jarri ditu Hernaniko Udalak «zaintza luzeko udal zerbitzuaren erdigunean»

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 6a, 00:00

Xabier Lertxundi, etxez etxeko zerbitzuko langileekin egindako batzarrean.

Etxeko Langileen Nazioarteko Egunaren harira, zaintza bere politiken erdigunean dagoela aldarrikatu du Hernaniko Udalak, eta nabarmendu du %47 haunditu duela etxez etxeko zerbitzuaren lizitazioaren aurrekontua.

Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna izan zen martxoaren 30a, aurreko larunbata; eta egun horren harira, Hernaniko Udalak aldarrikatu eta berretsi du zaintza bere politiken erdigunean dagoela. Izan ere, Hernani Burujaberen estrategiaren barruan kokatu du Udalak etxez etxeko zaintza zerbitzua, Xabier Lertxundi alkateak aditzera eman duenez: «Zaintza lanak demokratizatu eta burujabetasunaren ikuspegitik jorratzeko hautu politikoa egin dugu, eta hori arlo komunitarioarekin sakondu nahi dugu». Bide horretan, dagoeneko sortu dituzte Zaintza Mahaia eta Zaintza Taldea, baina helburua da Zaintzen Plataforma Herritarra sortzea Hernani Burujaberen baitan.

Bitartean, Udalak azaldu du eskaintzen dituen zaintza arloko zerbitzuak «hobetzen eta eraberritzen» jarraitzen duela, premisa bati jarraituz: «Zaintza ereduak publikoa eta komunitarioa izan behar du».

Marko horretan kokatzen da etxez etxeko laguntza zerbitzua. «Helburu estrategikoa da pertsonak etxean eta ingurune komunitarioan mantendu ahal izatea», nabarmendu du Oihane Zabaletak, Udaleko Zerbitzu Sozialetako arduradun teknikoak: «Herritarrak, ahalik eta luzaroen eta baldintza onenetan zainduak izatea, beraiek nahi duten tokian. Datuek erakusten dute gero eta haundiagoa dela eskaera, etxean zainduak izan nahi duten herritarrena».

2019an eta 2020an egindako diagnostiko prozesuak, erakutsi zuen «zaintza krisian murgilduta» gaudela, «honen merkantilizazioa dela eta». Ordutik, Udalarentzat «lehentasuna» izan dira «zaintza lanen aitortza sozial eta politikoa, zaintza lanak era justuagoan banatzea, eta zaintza lanetan aritzen direnen lan baldintzak duin bihurtzea». Adineko pertsonak, aniztasun funtzionala dutenak eta buruko gaixotasunak dituztenak artatzen ditu etxez etxeko laguntza zerbitzuak, «kalitatezko zaintza bermatuz, herritar guztientzat irisgarria eta eskuragarria, eta zainduaren zein zaintzailearen tratu onean eta duintasunaren aitortzan oinarritua».

 

Estaldura maila, Gipuzkoako altuena

Zentzu horretan, Zabaletak goraipatu du Hernaniko eredua «bestelakoa» dela, Gipuzkoako Aldundiaren eta udalerri gehienen ereduarekin alderatuta, non «familiei laguntza ekonomikoa ematearen aldeko apustua gailentzen den. Hernanin, kalitatezko etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzeko udal politika indartu da azken urteotan, eta estaldura maila Gipuzkoako altuena da adinekoen artean (%2,63). Mendekotasun egoeran dauden 65 urtetik gora 614 herritarretatik, %86,43ak jasotzen du etxez etxeko laguntza; Buruntzaldean %79,36koa da datu hori, eta Gipuzkoan %74,78koa».

Erabiltzaileei buruzko datu gehiago ere eman ditu Udalak, 2023ari dagozkionak: 171 lagunek jaso zuten zerbitzua (2022an baino 50 gehiagok), eta horietatik gehienak ziren emakumezkoak, %69a. Gehienek astean bost egunez jaso zuten zerbitzua, %65ak. Errenta eta ondasun mailaren arabera ordaintzen dute zerbitzua erabiltzaileek (gutxienez 0,23 euro eta gehienez 15 euro; asteburuetan gehienez 20 euro).

2023an egin zuen etxez etxeko laguntza zerbitzuaren lizitazio berria Hernaniko Udalak, eta aurrekontua haunditu zuen, «zerbitzua eta zaintzako profesionalen lan baldintzak hobetzeko». 1.340.000 eurokoa izan da urteko aurrekontua, 2017an baino %47 haundiagoa. Horrela, 4.000 lan ordu gehiago jaso zituzten (56.000 ordu guztira), formakuntzarako 1.100 ordu txertatu, soldatak urtero igo dira (2025erako %16,5 igoko dira), langile batzuen lan jarduna haunditu, eta enpresa komitea sortu. 2024an, lanketak egiten jarraituko du Udalak, «kalitatean, arreta pertsonalizatuan, langileen ahalduntzean eta lan baldintzen hobekuntzan, antolaketa ereduan, eta koordinazioan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!