Manex Arizeta hernaniarra Aviron Bayonnaisekin titular izango da gaur, Eskozian, Challenge Cupeko final zortzirenetan

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 6a, 00:00

Manex Arizeta hernaniarrak titular jokatuko du gaur, Eskozian, Aviron Bayonnais taldearekin.

Edinburgh talde eskoziarraren aurka jokatuko du, lehenengo aldiz titular, 21:00etan hasita.

Manex Arizeta errugbilari hernaniarrak, Challenge Cup lehiaketako finalzortzirenetan jokatuko du gaur, Aviron Bayonnais taldearekin, Edinburgh taldearen aurka. Eskoziako Edinburgh hirian izango da, iluntzeko 21:00etan hasita. 20 urteko jokalari hernaniarra titular izango da, eta lehenengoz egongo da talde lapurtarraren hasierako hamabostekoan. Joan den urtarrilean egin zuen debuta lehenengo taldearekin, Exeter Chiefsen aurka Baionan, Champions Cupen.

Arizeta Aviron Bayonnaiseko 23 urtez azpikoen taldeko kidea da izatez, baina egunero entrenatzen du euskal klubeko lehen taldearekin. Hirugarren lerroko jokalariak aitortu zuen bere ligako lehen partida Anoetan jokatzea gustatuko litzaiokeela, baina azkenean ez zuen zelaira sartzeko egiteko aukerarik izan.

Euskaldunen eta eskoziarren arteko norgehiagoka Challenge Cupeko final zortzirenetakoa da, Europako kluben arteko bigarren txapelketa garrantzitsuenean.

 

Hernaniko 23 urtez azpikoen denboraldiko azken partidua Valentzian

Hernaniko 23 urtez azpikoen taldeak, berriz, gaur amaituko du denboraldia Valentzian. 17:00etatik aurrera, CAU Valenciaren aurka jokatuko dute 14garren jardunaldiko partidua, Rio Tramo V zelaian. Liga erregularreko azken partidua izango da, eta segidan hasiko dira play offak, baina hernaniarrak ez dira sailkatu. B multzoan, zazpigarren izango dira ligan, eta denboraldia gaur bertan amaituko dute. 23 urtez azpikoen maila honetan ez dago ez igoerarik, ezta jaitsierarik ere.

 

Lehendakaritzarako hautagaitzak aurkezteko epea, zabalik

Bestetik, Hernani Club de Rugby Elkartea hauteskunde prozesuan murgilduta dabil, eta apirilaren 18ra arte zabaldu du epea, lehendakaritzarako hautagaitzak aurkezteko. Apirilaren 25ean ezagutuko da behin betiko zerrenda, eta maiatzaren 4an aukeratuko dute lehendakaria. 

Bazkideak animatu dituzte prozesuan parte hartzera eta hautagaitzak aurkeztera. Ez da espero arazorik izatea hautagaitzaren bat aurkezteko, zuzendaritza taldea osatzeko.

 

Errugbiko udalekuetan, izenematea martxan

Azkenik, Hernaniko Errugbi Elkarteak udalekuak antolatu ditu udarako, eta zabalik dago izena emateko epea, maiatzaren 31era arte. 2010-2016 urteen artean jaiotakoek eman dezakete izena. Uztailaren 1etik 19ra arte izango dira udalekuak. 

Izena eman daiteke astebeterako (80 euro), bi asterako (140 euro), edota hiru asterako (190 euro).  Izena ematea hernanirugby.eus/udalekuak webgunean egin daiteke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!