Estropada, bihar goizean Errenterian

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 6a, 00:00

Gipuzkoako Batel Ligako azkenaurreko estropada izango da. Arratsaldeko 14:15etan hasiko da, Oiartzun ibaian.

Bihar, Errenterian, IX. Xuxa Urkiaren Oroimenezko Batel Txapelketa jokatuko da Oiartzun ibaian, eta Gipuzkoako Batel Ligarako baliogarria izango da. Ligako azkenaurreko estropada izango da, eta 14:15etan hasiko da. Ez da ohiko ordua, baina Errenterian marea goraren arabera antolatu behar izaten dira estropadak. 

Erlojuaren kontra egiten da arraun Errenteriako estropadan, ez baitago ontzi bat baino gehiagorentzako lekurik. Lehendabizi neska eta mutil infantilen txanda izango da, eta ondoren promesen, jubenilen eta seniorren estropadak jokatuko dira, bai nesketan eta bai mutiletan. 

Datorren asteko asteburuan, Gipuzkoako Txapelketako sailkapen estropada, ligako azkena, eta Txapelketa bera jokatuko dira San Pedron. Horrek esan nahi du batelek sasoi punturik onena hurbil dutela. Hernanikoak ez dira gutxiago izango eta gaurko estropadan zortziren bat batel uretaratuko dituzte.

Aurten Hernanik ez du ligarik irabaziko inongo mailetan, baina goranzko bidea egin dute asteek aurrera egin ahala. Jubenil neskak, promesa neskak eta infantil neskak maila onean aritu dira, eta goiko postuetan lehiatu ere bai. Senior neskek bigarren amaituko dute, baina hemen hiru ontzik bakarrik hartu dute parte ligan. 

 

Aste Santuko oporrak, kalitatezko entrenamenduak egiteko erabili dituzte

Aste Santuko oporrak ezin hobeak izaten dira klubentzat kalitatezko entrenamenduak egiteko, eta Hernanik ere horretarako baliatu ditu. Denbora gehiago izaten da, eta traineruan osatu dituzte entrenamendu asko, baina batela ez dute albo batera utzi. Alderantziz, Hondarribian izan dira azkeneko estropadak prestatzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!