Dagoeneko eskatu ditzakete dirulaguntzak Hernaniko nekazari eta abeltzainek, maiatzaren 19ra arte

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 5a, 00:00

Makineria berritzeko eskatu dezakete dirulaguntza nekazari eta abeltzainek, besteak beste.

Hernaniko Udalak 20.000 euro bideratuko ditu herriko nekazari eta abeltzain profesionalen jarduna laguntzera, joan den urtean baino 5.000 euro gehiago, «elikadura burujabetza sustatzen jarraitzeko asmoz».

Dirulaguntza deialdia zabaldu du Hernaniko Udalak, herriko nekazari eta abeltzain profesionalentzat. Haien jarduna laguntzeko, 20.000 euroko partida bideratu du Udalak aurten, joan den urtean baino 5.000 euro gehiago. Horren helburua da «Hernanin elikadura burujabetza sustatzen jarraitzea, lehen sektoreko profesionalak lagunduz».

Honakoetarako eskatu ditzakete dirulaguntzak, besteak beste: ekoizpenaren banaketarako baliabideak eskuratzeko inbertsioak egiteko, ekoizpen gaitasuna haunditzeko eta hobetzeko inbertsioak egiteko (negutegiak, makineria...), edota tresna, lanabes eta makineriaren konponketa eta mantenu gastuetarako.

Maiatzaren 19ra arte eskatu ditzakete dirulaguntzak: telema­tikoki, Hernaniko Udaleko erre­gistro elektronikoaren bidez; edo­ aurrez aurre, udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan. Horretarako, honako dokumentuak aurkeztu beharko dituzte: eskaera orria; dirulaguntzaren xede izango den jardueraren deskribapena eta aurrekontua; Identifikazio Fiskaleko Kodearen (IFK) eta ordezkariaren NANaren fotokopia; eskatzailearen kontu korrontearen titulartasuna egiaztatzen duen agiria; erakundearen estatutuak eta curriculuma; eta ekoizle profesionala dela bermatzen duen agiria. Dirulaguntza jasotzeko, ezinbestekoa izango da ekoizle profesionala izatea, ustiapena Hernanin kokatuta egotea, eta gutxienez NLU bat edukitzea.

Eskatzaile bakoitzak, gehienez ere 2.000 euroko dirulaguntza

Aurkeztutako proiektuak «irizpide propio eta zehatzen arabera» baloratuko dituzte, eta 20.000 euroko poltsa kopuru berdinetan banatuko da eskatzaile guztien artean. Eskatzaile bakoitzak 2.000 euro jaso ahal izango ditu gehienez ere, eta kopuru horrek ezingo du gainditu aurkeztutako proiektuaren kostu osoaren %75a.

Diruz lagunduko diren inbertsio eta jarduerek, aurtengo azaroaren 30erako egon beharko dute burututa, eta ez dira horretan sartuko zergak, funtzionamendu arrunteko gastuak (alokairua...), eta argi eta garbi definituta ez dauden gastuak edota dirulaguntza deialdiaren helburu zuzena betetzen ez dutenak.

Dirulaguntza deialdiaren xe­hetasun guztiak eta aurkeztu be­harreko eskaera orria eskura­garri daude Udalaren webguneko dirulaguntzen atalean (hernani.eus/dirulaguntzak), eta Herritarren Harrera Zerbitzuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!