Dozenaka lagun gerturatu ziren astearte arratsaldean Moio kalera, Loratuz Lotu trans helduentzako elkarteak eta Buruntzaldeko Transmaribibollo Sareak egindako deiari erantzunez. Bertan elkartuta, manifestazioa egin zuten Hernaniko kaleetan barrena. Horrekin ospatu eta aldarrikatu zuten Trans Ikusgarritasunaren Eguna, joan den igandean izan zena.
'Zistema irauli' zioen pankartaren atzean, transfobiaren kontrako aldarri ozena egin zuten manifestazioko partehartzaileek. Adin guztietako herritarrak batu ziren deialdira, eta erakutsi zuten belaunaldien arteko saretzearekin egin behar dela bidea: «Eskerrik asko gerturatu zareten guztioi. Denon artean zistema iraultzea posible izango da», nabarmendu dute antolatzaileek.