Oporraldiko saio berezia egingo du Zineklubak etzi, eta 'The Goonies' filma eskainiko du Biterin

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 3a, 00:00

'The Goonies' filmeko irudi bat, zazpi lagunetatik lau ageri direla.

Arratsaldeko 16:45etan hasiko da saioa, eta euskeraz jarriko dute Richard Donnerrek 1985ean zuzendutako abenturazko filma. Sarrerak 3 euroan daude salgai, Biteriko lehiatilan eta 'kultura.hernani.eus' atarian.

Protagonista izaten ari da zinea Aste Santuko oporraldi honetan, eta bide horretan bere alea jarriko du Hernani Zineklubak ere. Izan ere, saio berezia prestatu du oporraldirako, eta The Goonies filma jarriko du etzi, ostiralez, Biteri kultur etxean.

Arratsaldeko 16:45etan hasiko da saioa, eta 111 minutuko iraupena dauka filmak. 1985ekoa da filma, Richard Donnerrek zuzendutakoa, abenturazkoa. Euskerara bikoiztuta jarriko dute etzi Biterin. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude, 3 euroan, Biteriko lehiatilan bertan edota kultura.hernani.eus atarian.

Zazpi lagun dira protagonista, Goonietarren taldea osatzen du­tenak. Eguraldi petraleko arra­tsalde batean, etxezuloan elkar­tuko dira. Ganbarara igo eta antzinako hainbat gailu zahar eta bitxi topatuko dituzte bertan. Horien artean, 'Willy begibakarra' izeneko itsasgizon baten altxorraren mapa aurkituko dute; mende batzuk atzera bere eskifaiarekin batera desagertu zen piratarena, hain juxtu. Horrekin, altxorraren bila abiatuko dira zazpi lagunak, euren familien egoera ekonomiko zaila konpontzeko esperantzan. Lortu ezean, zin egin dute Goonietarren taldea betirako desegingo dutela.

 

Zineklubaren ohiko saioa, apirilaren 11n: 'Past Lives'

Oporraldirako propio prestatu­tako saio berezia da etzikoa, baina hileroko ohiko saioa ere egingo du Hernani Zineklubak apirilean. Hilaren 11n izango da hori, hurrengo ostegunean: Past Lives filma jarriko dute Biterin, arratsaldeko 19:00etan hasita.

Celine Songek zuzendutako filma da, 2023koa, eta jatorrizko hizkuntzan jarriko dute, ingelesez eta koreeraz, gaztelaniazko azpitituluekin. Horretarako ere, salgai daude sarrerak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!