Eduardo Chillidaren eta Cristóbal Balenciagaren obren arteko 'elkarrizketa' sustatu dute, elkarlanean, Hernaniko Chillida Leku museoak eta Getariako Cristóbal Balenciaga museoak. Horrela, bien lanak aurrez aurre jarri dituzte Getariako museoan, bertan sortu berri duten 'Topaketak' aretoa inauguratzeko: 'Chillida/Balenciaga, plegar la forma' izena jarri diote erakusketari.
Eta topaketa horretarako, bi autoreen arteko loturarekin bat egiten duen obra da Hernanitik Getariara eraman dutena: Eduardo Chillidaren 'Balenciagaren omenez' obra, hain juxtu, 1990ean sortu zuena. Gainera, Cristóbal Balenciaga Fundazioaren sortzaileetako bat izan zen Chillida bera, 1999an.
«Bereziki aproposa iruditu zaigu 'Topaketak' aretoa inauguratzea erakusketa honekin, eta aukera paregabea izan da 'Balenciagaren omenez' obra Getariara ekartzeko», nabarmendu du Igor Uriak, Cristóbal Balenciaga museoko bildumen zuzendari denak. Miren Vivesek, museoko zuzendariak, gaineratu zuen erakusketa honekin bat egin nahi izan dutela Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurreneko ospakizunarekin, «gure omenaldi propioarekin, xumea bezain beharrezkoa, eta emozioz betetakoa».
Hainbat jarduera elkarlanean, datorren urtera bitarte
Erakusketaz gain, egitarau komuna prestatuko dute bi museoek, datorren urtera bitarte luzatuko dena, hainbat ekintzarekin. Urriaren 19rako, jardunaldi bat antolatuko dute, bi artisten arteko loturak aztertzeko, Carmiña Dovale ikertzailearen eta Igor Uriaren partehartzearekin. Getariako museoan egingo dute, eta doakoa izango da.
Hori baino lehenago, abuztuaren 10ean, 'NOEUD' dantza emanaldia eskainiko du Dantza Arte Bitartekaritzak, Donostiako Musika Hamabostaldiarekin elkarlanean. Eta haurrei begira, bi saio aurreratu dituzte: bata, musika eta sormena uztartuko dituena, Donostiako Orfeoiarekin elkarlanean, Musikaren Europako Egunaren bueltan; eta bestea, udazkenean, Maushaus kolektiboaren eskutik, erakusketako elkarrizketaren edukian sakonduko duena.