Aste Santuko oporraldirako, egitarau berezia prestatu du Hernaniko Gaztelekuak, beste urte batez. Joan den astean izan zituzten aurreneko ekintzak, eta jaiegunak tarteko, atseden hartu dute ostegunetik asteartera. Gaur helduko diete ekintzei berriro, eta bost eguneko plana izango dute, igandera bitarte, oporraldia borobiltzeko.
Arratsalde-gauerako plana izango da gaurkoa, Gaztelekuan bertan egingo dutena. 19:00etan hasita, bertan afalduko dute elkarrekin, eta pelikula bat ere ikusiko dute. Biharkoan, berriz, Donostiara egingo dute irteera, laser parkera. Izan ere, Laser Tag jokoan ariko dira: laser pistolekin, konbatea izango dute elkarren artean. Goizeko 09:55etan elkartuko dira, bertara joateko.
Gaztelekuan bertan egingo dute ostiraleko plana, arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara. Kasu honetan, krepak egiten ariko dira. Baina astebururako, beste bi irteera proposatu dituzte. Larunbatean Costa Jump jolas parkera joango dira, Urbil merkatal zentrora. Goizeko 10:30etan hasi eta 14:00ak arte izango da hori.
Eta igandean, azkenik, Miramonera joango dira: Eureka zientzia museoa bisitatuko dute bertan, 10:30etatik 14:15etara.