Hileko aurreneko asteartean egin ohi dituzte odol emateak Hernaniko anbulatorioan, baina oraingoan, gaurkoa jaieguna ez izan arren, hitzordua astebete atzeratzea erabaki du Hernaniko Odol Emaileen Elkarteak. Pazko Astea izanik eta oporraldia kontuan hartuta, pentsatzekoa da ohi baino jende gutxiago gerturatuko zela.
Gauzak horrela, apirileko bigarren asteartean, hilaren 9an, egingo dute hilabete honetako odol ematea. Ohi bezala, arratsaldez izango da, Hernaniko anbulatorioan; eta odola emateko, egunean bertan deitu beharko da telefonoz, goizean zehar, hitzordua eskatzeko. Datozen egunetan jakinaraziko dute estrakzioen ordutegi zehatza eta hitzordua eskatzeko erabili beharreko telefono zenbakia.