Bueltan dira Dobera Euskara Elkarteak antolatutako udaleku ibiltariak. 12garren edizioa da aurtengoa, eta urteroko helburuari finko eutsi dio Doberak: «udan, opor garaian, gaztetxoak euskerazko aisialdiaz gozatzeko eta erabilera indartzeko. Era berean, umeek eta gazteek natura errespetatu, hezkidetza, elkarlana eta talde sentimendua bultzatu, euskal kultura ezagutu, inguru eta lagun berriak ezagutzea, eta batez ere, ondo pasatzea nahi dugu».
Udaleku Ibiltari hauetan, herriz herri mugituko dira, normalean txango bidez eta material guztia, furgonetarekin mugitzen dute Doberako begiraleek, aldez aurretik. Lotarako lekuei dagokienez, Doberak dio herri bakoitzaren araberakoa izaten dela: «ikastetxeak, udal-eraikinak, frontoi estaliak, eta gurekin doan sukaldariarekin egiten ditugu otorduak egunero».
Haundienek, Debabarrena eta txikienek, Iparraldea ezagutuko dituzte
Udaleku Ibiltarietan, zenbait ekintza burutzen dituzte, besteak beste, ur ekintzak, abentura kirolak, txangoak eta mendi ibilbideak. Aurten ere, aurreko urteetan bezala, bi txanda antolatu ditu Doberak; bat haundien txanda; eta bestea, berriz, txikien txanda. Haundien kasuan, Debabarrenan ibiltzeko parada izango dute; eta txikiek, Iparraldera bidea hartuko dute.
Aste beteko txandak izango dira aurten
Berrikuntza gisa, aurten bi asteko txandak egin beharrean, aste betekoak izango dira: Haundien kasuan, uztailaren 8tik 14ra izango da, 2009, 2010 eta 2011 urteetan jaiotakoak, eta 220 euroko prezioarekin (bazkideek 195 euro). Txikien txanda, aldiz, uztailaren 22tik 27ra izango da, 2012, 2013 eta 2014 urteetan jaiotakoek osatuko dute txanda hori. 200 euroko prezioa du txikien txandak (bazkideek: 175 euro).
Izena emateko aukera, maiatzaren 12ra arte
Udaleku Ibiltarietan izena emateko aukera dagoeneko zabalik dago, eta maiatzaren 12ra arte egongo da horretarako aukera, 'dobera.eus' atarian sartuta.
Lan poltsa, Doberak
Bestetik, Doberak lan poltsa osatuko du: begiraleentzako, koordinatzaileentzako eta sukaldarientzako. Curriculumak bidali daitezke dobera@dobera.eus helbidera.