Lehendakaritzarako hautagaitzak aurkezteko epea irekiko da ostegunean

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 31a, 00:00

Hernaniko talde nagusia Gernikaren gainetik geratu da aurtengo denboraldian.

Hernani Club de Rugby Elkartea hauteskunde prozesuan murgildu da eta apirilaren 4tik 18ra hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu da. Apirilaren 25ean ezagutuko da behin betiko zerrenda eta maiatzaren 4an aukeratuko da lehendakaria.

Hernani Club de Rugby Elkarteak lehendakaritza berria aukeratzeko prozesua martxan jarri du. Lau urtetik behin egiten dira hauteskundeak eta azken lau urteetan, 2020tik 2024ra, Joxe Kurutz Elosegi izan da lehendakaria. Aurretik, Juan Rodriguez izan zen urte luzez lehendakaria. Lehendakaritzarako hautagaiak aurkezteko epea 2024eko apirilaren 4an, ostegunean, hasi eta apirilaren 18an amaitzen da.

Hernani CREk aurreko martxoaren 22an, Landaren egindako Batzarrean hartutako erabakiari jarraituz, hauteskunde batzordea eratu zuen. Batzorde honen eginbeharra Hernani errugbi elkarteko lehendakari berria aukeratzeko prozesua bideratzea izango da. Hauteskunde batzordea osatzen dute Rafael Larretxeak lehendakari bezala, Antonio Martinek idazkari bezala, eta Asier Gaztañagak batzarkide moduan.

HCREko lehendakaritzarako hautagaiak elkarteko postontzian aurkeztuko dute bere proposamena –lehendakaria, lehendakariordea eta idazkaria zehaztuz- edo hauteskunde batzordeko lehendakariari emaila bidaliz (idazkaritza@hernanirugby.eus).

Apirilaren 18an hauteskunde batzordeak hautagaitzak aztertuko ditu, zeinek betetzen dituzten baldintzak zehazteko. Hauteskunde batzorde horrek publikoki onartutako eta ez onartutako hautagaitzak argitaratuko dituzte, eta hauek zazpi egun izango dituzte alegazioak jartzeko. Apirilaren 25ean jakingo dira zein diren ofizialki eta behin betiko hautagaitzak. 

Ondoren maiatzaren 4ra arte, aurkeztutako hautagaitzek, izango dute aukera kanpaina egiteko. Maiatzaren 4an bertan egingo da batzar nagusia eta aukeratuko da, bazkideek parte hartuko duten bozketa bidez, zein izango den lehendakaria. Hautagaitza bakarra balego automatikoki izendatzen da lehendakaria. Hautagaitzak izan behar dira hiru partaidekoak: lehendakaria, lehendakari ordea eta idazkaria. Aukeratuak diren unetik zuzendaritza batzordea osatuta geratzen da.

 

Hautagaitzak egoteak prozesua aberastuko du

Bazkideak animatu nahi dira prozesuan partehartzera eta hautagaitzak aurkeztera. Ez da espero arazorik izatea hautagaitzaren bat aurkezteko. Errugbi elkarteak Landarerako bidea herritarrei berriz ere zabaltzea nahi du. Azken hiru urteetan Ohorezko B Mailan lehiatu da taldea, Ohorezko Mailatik jaitsi ondoren. Horrek eragina izaten du errugbiaren oihartzunean, herrian bertan, eta berriz ere, herritarrak erakarri nahi dira errugbira. Igoera fasera ez sailkatzeak ere eragina izaten du. Kirol mailak asko baldintzatzen du Landarerako joan etorria. Kirol arloa ongi badoa errugbi zaletu asko dagoela dirudi, baina gero kirol maila jaisten denean, zaletuak asko gutxitzen dira.

Hernani gainera talde berezia da. Harrobiko jokalariekin eta bertakoekin lehiatzen da eta ez du atzerritarren fitxaketarik egiten. Horrek lehiakorra izatea zailtzen du, fitxaketa ugari dituen taldeen aurka lehiatzen baita. Talde horiek maila igotzen badute, Hernanik mantendu arren lehiakortasuna galtzen du. Eta horrek eragiten du Hernanik berak harrobiko jokalariak galtzea. Azkenengo bi urtetan hiruzpalau jokalari galdu ditu klubak. 

Errugbia ez da momenturik onenean bizi. Modako kirola izatetik, aurreko hamarkadan, garai zailagoak bizitzera igaro da herrian. Prozesua zabaltzea denentzako ona izango da. Lana egiteko jendea beti izaten da ongi etorria eta ideia berritzaileak ere bai. «Hautagaitza bakarra beharrean, hautagaitzak badaude askoz hobeto», diote Landaretik. Programak gero eta aberatsagoak badira aukera gehiago izango da errugbi elkartea bere mugetatik, Landareko mugetatik, zabaltzeko. «Gipuzkoa eta Euskal Herri mailan ere gero eta babes gehiago behar du errugbiak. Ez dago momenturik onenean».

Hernani mailan horretan saiatuko dira hautagaitza berriak. Proiektu eta programa erakargarriak aurkezten Hernaniko errugbiaren mesedetan. proposamen ezberdinak ari dira aztertzen Gipuzkoa eta Euskal Herri mailan. Hauteskunde prozesuak jarri dira martxan erakunde ezberdinetan, Joku Olinpikoen urteetan egin behar baitira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!