«Etxebizitza eskubide bat da, eta eskubide batek ezin du diruaren menpe egon»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 30a, 10:55

Martxoaren 2an Kontrakantxan egindako 'Etxebizitza arazoaz eta gazteon emantzipazioaz hausnartzen' hitzaldiko irudia.

'Gazte langileok emantzipatzeko eskubidea borrokatu!' lelopean, manifestazioa egingo du bihar GKS-k, Gasteizko Bilbo plazatik abiatuta (18:00). Deialdiaren xehetasunak argitzeko, Buruntzaldeako GKSko kide batekin hitz egin du Kronikak.

Duela zenbait hilabete hasi zenuten emantzipazioarekin lotutako kanpaina. Zeintzuk dira eratorritako ondorioak? 

Bertatik hasita, ikusi dugu etxebizitzarena dela Buruntzaldean daukagun arazo haundiena. Gazteok ezin gara emantzipatu, eta bertako egoerak zenbait berezitasun ditu. Besteak beste, Donostiako gentrifikazioa dago, bertako etxeen prezioa asko haunditu denez, klase baxuetako donostiarrak inguruko herrietara mugitzen ari direlako. Horrek berekin dakar alokairuaren prezioa igotzea eta eskaintza are murritzagoa izatea. Arazo horri aurre egiteko jarri genuen martxan kanpaina.

Egoera salatzeko manifestazioa egingo duzue bihar, Gasteizen. Zer aldarrikatuko duzue bertan? 

Bi borroka ardatz nagusi izango ditugu. Batetik, aldarrikatu nahi dugu emantzipatzea posible egingo duen etxebizitza doakoa eta unibertsala. Bestetik, nabarmendu nahi dugu gazte langileok gure baldintza miserableei buruzko kontzientzia hartzearen beharra, egoera aldatzeko aurrerapausoak emateko. Garrantzitsua da gazteriak ikustea zein den benetako arazoa, eta arazo hori ez dela konponduko etxejabe batek pisu bat alokairuan jarri eta nahi duenean kendu badezake. Garrantzitsua da kontzientzia hartzea eta problematika zein den ulertzea. 

EAEko eta Hernaniko datuak ere bildu dituzue, ezta? 

Bai, hori da. Aipatutako guztia erraz ulertzen da datuen bidez. Azken bi urteetan inkestak egiten aritu gara, EAEko eta Hernaniko datuak bildu ditugu, eta adierazgarria da datuek diotena. EAEn emantzipatzeko bataz besteko adina 30 urtekoa da. Horri gehitu behar zaio bataz besteko soldata 1.005 eurokoa dela, eta alokairuen bataz besteko prezioa 944 eurokoa. Horrek esan nahi du gazte langile batek soldataren %94a bideratu behar duela alokairua ordaintzera; ezinezkoa dela emantzipatzea, alegia. Hernanin ere oso antzekoa da egoera, eta badaude azpimarratzeko moduko datuak. Hasteko, ikusi dugu eskaintza oso txikia dela; guztira 21 pisu bakarrik daude alokagai, 969 euroko bataz besteko prezioan. Eta kezkagarriena da 849 etxe huts daudela herrian. 

Putre funtsak eta espekulatzaileak aipatzen ditugu askotan, baina salatzekoa da jabe txikiak eta errentatzaileak ere aberasten ari direla. 2008tik aurrera etxebizitza bat errentatzen duten pertsonen kopurua %170 hazi da EAEn, eta horiek ere arazoaren parte dira. 

Aipatu duzun egoerari aurre egiteko erakundeek dituzten mugak salatu izan dituzue.

Bai. Politikari profesionalek, eta bereziki ezkerreko alderdietako politikariek, sinestarazi nahi digute langileria babesteko erabakiak hartzen ari direla, baina benetan eskaintzen dituzten baliabideek ez dute arazoa konpontzen. Adibide argiena da emantzipatzeko ematen dituzten laguntzena; gu ez gaude bere horretan laguntza horien aurka, baina argi utzi nahi dugu muga asko dituztela. Gainera, muga horiek gazteen kapa proletarizatuenak jasan behar izaten ditu, baldintza jakin batzuk bete behar baitira laguntzak eskuratzeko.

Horrez gain, enpresari haundiak ere seinalatu nahi ditugu biharko manifestazioan. Haiek irabaziak haunditzen eta pilatzen jarraitzen dutelako gazte langileok pobretzen ari garen bitartean.  

Norantz eman behar dira pausoak zuen ustez? 

Nabarmendu nahi duguna da etxebizitzarako sarrera diruaren menpekoa den bitartean gazte langileok emantzipatzeko ezintasuna izango dugula. Etxebizitza eskubide bat da, eta eskubide batek ezin du diruaren menpe egon. Konponbide zaila dauka epe laburrean, baina benetan pentsatzen dugu ez dagoela beste aukerarik. Horregatik, Hernaniko gazteak animatu nahi ditugu biharko manifestazioan parte hartzera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!