Aho batez onartu dira hiru puntuak eta Podemosen mozioa ez da onartu

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 28a, 00:00
Astearteko Plenoa, udaletxean.

Pleno lasaia izan zen eta hondakinak biltzeko sistemari buruzko gogobetetze inkesta ez da egingo.

Hernaniko astearteko Plenoan gai zerrendan onartu beharreko hiru puntu aho batez onartu ziren. Hasteko, Hernaniko Udaleko eta Ereñotzu entitate txikiko langileen ordainsarien bigarren igoera gehigarria onartu zen -%0,5ekoa, izan zen lehenengoa-. Baldintzak betetzen direnez, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginkortasunarekin onartu ziren aho batez. 

Gipuzkoako parke zientifiko eta teknologikoan sustatzen duen garapenaren eraikikortasuna zehazten duen azterlana behin betiko onartu zen aho batez. Bigarrena da, proiektua badago eta eraikina diseinatuta dago.  

Floridako eremuaren inguruko hitzarmen urbanistikoa (alegazioak erantzun eta hitzarmena) onartu zen aho batez. Garai bateko AMR lantegia da, eta eremu degradatu bat biziberrituko duen babes publikoko 308 etxebizitza eraikiko dira. Hitzarmenak bideragarritasun berme bat emango dio proiektuari.

Iruña Veleiako 61 grafito garbitzeko mozioa onartu zen

Jexux Eizagirrek eta beste zenbait herritarrek, Iruña-Veleiako lehengo grafitoez gain, duela 16 urtetik garbitu gabe dauden piezak garbitzeko eskaera mozioa ere onartu zen, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta EAJren aldeko botoekin. PSE-EE abstenitu egin zen. Eliseo Gilek Iruña-Veleiako indusketan jasotako materialez betetako 61 kaxa bidali zituen Arabako Aldundira, han garbitu zitzaten. Aldundiko zaharberritzaileak garbitzen hasi zirenean piezen artean uso baten irudia agertu zen zeramika gainean egina, mokoan galburu bat zuela. Hasieran garbitzeko agindua eman zen, baina, Kultura Arduradunak agindu zien garbiketa lanak bertan behera uzteko. Eta hala jarraitzen dute: ez dituzte garbitu, ez garbitzen utzi. Udal Plenoan kaxa hauek garbitzea eskatu zen eta onartu ere bai. Eizagirrek zinegotzi eta alderdi guztiei eskerrak eman zizkien alde bozkatu zutenei, eta alde bozkatu ez zutenei ere bai. 

Ondoren, onartu ez zen puntu bakarra aurkeztu zen, Elkarrekin Podemosek aurkeztutako mozioa. Hondakinak biltzeko sistemari buruzko gogobetetze inkesta eta emaitzak argitaratzeko eta partaidetza prozesu bat abiarazteko eskaera egin zuen alderdi moreak. EH Bilduko  11 zinegotziek aurka bozkatu zuten eta EAJ, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEko zortzi zinegotzik alde bozkatu zuten. 

Hernaniko Udala eta Ereñotzuko erakundearen 2023ko aurrekontuaren likidazioaren berri eta 2024ko aurrekontuaren aldaketaren berri ere eman zuten. Kredituak txertatu ondoren gerakin erabilgarria 4.260.900 eurokoa izango da eta Ereñotzun diruzaintzako gerakin erabilgarria 667.124 eurokoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!