Tilos 7 Pasa pala txapelketa apirilean hasiko da eta jadanik izena eman daiteke

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 28a, 00:00
Tilosetan giro ederra sortzen da Tilos 7 Pasako partiduetan.

Ekainera bitarte jokatuko dute pala txapelketa, Tilosetan. Apuntatzeko 697 60 78 79 telefonora idatzi edo deitu behar da eta izena emateko azkenengo eguna apirilaren 12a izango da.

Bueltan da, beste urte batez, Tilos 7 Pasa pala txapelketa herrikoia. Apiriletik ekainera bitarte jokatuko dute, eta pala partiduek hartuko dute Tilosetako frontoia, ia arratsaldero. Aurtengoa 13garren edizioa izango da.

Azkenengo urteetan bezala, lau kategoria izango dira: herrikoia, neskena, lehenengo mailakoa eta bigarren mailakoa. Eta parte hartu nahi duenak, hamabost egun ditu izena emateko, apirilaren 12ra arte baitago epea.

Horretarako, ondorengo telefono zenbakira deitu edo idatzi behar da: 697 60 78 79. Aurten gainera, izena emateko kuota hamar euro jaitsi da. 40 euro ordaindu behar dira bikoteko, eta txapelketako kamixeta jasoko du opari partehartzaile bakoitzak.

73 bikoteren langa gainditu nahi da

Pasa den urtean 73 bikotek eman zuten izena, inoiz baino gehiagok, eta aurten langa hori gainditu nahi dute antolatzaileek. 2023an lehenengo mailako garaileak Ramos eta Zubimendi izan ziren; finalean, Arizmendiren eta Indaren aurka, 22-15 nagusituta. Nesken mailan, Iratik eta Alaitzek jantzi zuten txapela, Saralegiri eta Tolaretxipiri 22-7 irabazita. Txapelketa herrikoian, Ane Kerejeta eta Iñaki Kerejeta gailendu ziren, 22-14, Mendizabalen eta Artetxeren kontra. Azkenik, bigarren mailako txapelketan Hernández eta Murgiondok tanto batengatik, 22-21, irabazi zuten Zumetaren eta Galarragaren kontra. 19-21 galtzen joan eta gero eman zioten buelta finalari. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!