Iazko memoria txostena aurkeztu dute Hernaniko Zerbitzu Sozialek

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 27a, 09:02
Xabier Lertxundi alkatea eta Oihane Zabaleta Zerbitzu Sozialetako arduradun teknikoa, atzoko prentsaurrekoan.

Xabier Lertxundi alkateak eta Oihane Zabaleta Zerbitzu Sozialetako arduradun teknikoak azaldu zituzten atzo memoriaren nondik norakoak. Dokumentu osoa irakurgai dago Hernaniko Udalaren webgunean. 

Hernaniko Zerbitzu Sozialek iazko jardunari buruzko memoria aurkeztu zuten atzo goizean, udaletxeko pleno aretoan. Xabier Lertxundi alkateak eta Oihane Zabala Zerbitzu Sozialetako arduradun teknikoak eman zituzten eratorritako datuei buruzko azalpenak. Lehenengo aldiz erabili dute datuak argitaratzeko formatu hau, eta horren zergatia azaltzen hasi zen Lertxundi: «Guretzat garrantzitsua da herritarrek jakitea zer den benetan zerbitzu hau, eta, horrekin batera, zeintzuk diren benetako datuak, ongizatea eskubide bat delako». Alkateak nabarmendu zuen «zenbait aurreiritzi deseraikitzeko» balio dezakeela memoriak. 

Diru kontuetatik hasita, aurrekontuaren haunditzea izan zuten hizpide zerbitzuaren arduradunek. Iaz 3.533.042,30 euroko aurrekontua izan zuen sailak, 2022an baino %26,5 gehiago (855.890 euro gehiago, alegia). Aurten ere igo egingo da Zerbitzu Sozialen aurrekontua, Udalak 2023an baino 92.000 euro gehiago bideratuko baititu bertara. 

Datuak aletzeaz Oihane Zabaleta arduratu zen. Memoria marduletik eratorritako datu esanguratsuenak baliatu zituen Hernaniren egoera azaltzeko, eta joerak atzemateko garrantzia ere aipatu zuen: «Hernaniri argazki egokia ateratzea da azterketa honen asmoa, egungo egoera horiei aurre egin, eta, ahal den heinean, etorkizuneko joerei erreparatzeko». 

Zabaletak azaldu zuen Hernaniko biztanleria hazten ari dela. Horren zergatia atzerritik datozen biztanle kopuruari erreparatuta ulertzen da; egun, biztanleriaren % 12,4 da atzerritarra, eta Zabaletak nabarmendu zuen datozenak «geratzeko asmoarekin» etortzen direla. Lan munduari dagokionez, arrakala garrantzitsuak ikusi dituzte memoriako datuetan: «Langabezia tasa baxuagoa da, baina genero arrakala nabarmena da. Emakumeen langabezia tasa altuagoa da gizonezkoena baino, batez ere 55 urtez gorako emakumeen kasuan. Soldatan ere genero arrakala nabarmena da; emakumeek gutxiago irabazten dute», azaldu zuen Zabaletak.  

 

Hernaniarren erdiak jo du noizbait Zerbitzu Sozialetara

Memorian bertan Zerbitzu Sozialen erabilerari buruzko datuak ere txertatu dituzte. Zabaletak azaldu zuen lan haundiena «bidelaguntza proiektuetan eta prebentzio lanetan» egiten dutela. Bide horretatik, lehenago aipatutako «aurreiritziak» ekarri zituen gogora Lertxundik: «Askotan dirudi Zerbitzu Sozialak ezaugarri jakin batzuk dituzten herritarrei zuzenduta daudela. Jatorriarekin ere lotu ohi dira, eta jendeak pentsatzen du dirulaguntza kontua besterik ez direla. Dirulaguntzena atal bat da, baina beste lanketa ildo asko ditu zerbitzuak». 

Datuen arabera, hernaniarren %50ak jo du uneren batean Udaleko Zerbitzu Sozialetara. Arduradunek ere nabarmendu zuten egindako prebentzio kanpainaren ondorioz nabarmen hazi direla hitzordu kopuruak eta irekitako espedienteak; zehazki, iaz 4.678 hitzordu eman zituzten Zerbitzu Sozialetan eta 416 familia berri artatu. Artatutako pertsonen artean, %53a emakumeak izan ziren, eta indarkeria eta haurtzaroaren ingurukoak dira espedienteen %28a: «Esanguratsua da eskakizun mailarik haundiena haurtzaro eta genero indarkeriaren arloek izan dutela», azaldu zuten. 

 

Bost eremu nagusi, lanean jarraitzeko

Azken urteetan askotarikoak izan dira Zerbitzu Sozialetara iritsi diren eskaerak. Horiei aurre egiteko asmoz, bost eremu identifikatu dituzte lanean jarraitzeko, «Hernani Burujabe iparrorratz hartuta»: iraupen luzeko zaintza, haurren hazkuntza eta gurasotasun positiboa, gizartearen eta komunitatearen parte hartzea, gizarteratzeko prozesuetan laguntzea eta elkarlan multidisziplinarra. 

Memoria osotasunean irakurri nahi duten herritarrek dokumentua eskuragarri dute Hernaniko Udalaren webgunean: https://www.hernani.eus/eu/.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!