Iñigo Legorburuk aipamen berezia, Mariasun Landa biografia lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 26a, 00:00
Mariasun Landa, Aizpea Otaegi eta Iñigo Legorburu.

Jatorri arabiarreko emakume talde baten gaur egungo auzolana 70. hamarkadako gau-eskolen jarduerarekin alderatu ditu lanean.

Iñigo Legorburuk Errenteriako udaleko Berdintasun Sailak antolatzen duen Mariasun Landa sarietan aipamen berezia lortu zuen martxoaren hasieran. Emakumezkoen begirada eta Emakumeei begirada sari ofizialak Ana Mari Ugalde Ugarte eta Bittori Arrieta Arregi emakumeen inguruko biografiak lortu bazituzten ere, epaimahaiak Legorbururen Somia, Kadijha, Fatima y Hanane: Un auzolan educativo y solidario biografia ere aipatu nahi izan zuten, Mariasun Landa idazlea bera eta Aizpea Otaegi alkatea presente egon ziren sari-banaketa hunkigarrian.

Legorburuk hutsik egin gabe lehen ediziotik parte hartu izan du gaur arte 2011n hasita eta «bost edo sei aldiz irabazitakoa naizen arren, benetako garaipena urtero biografia bat idazteko denbora ateratzean datza» dio egileak.

Legorburuk bere lanean «70. hamarkadako gau-eskolak eta gaur egun emakume arabiar hauek arabiera nola irakasten ari diren auzolanean eta bolondres gisa, alderatu nahi izan ditut. Historia beti errepikatzen da eta gaur egungo klase-sozial zaurgarriena, etorri berriek osatzen dute».

Baina euren jardunean frankismoa pairatu zuen langile klasearen zantzuak ikusi dizkio Legorburuk: «Frankismoaren amaiera aldera, euskara suspertzeko grina hauspotu egin zen Euskal Herri osoan eta bolondresez betetako gau-eskolek horretan zerikusi haundia izan zuten. Langile klaseko emakume hauek egun, euren lanordu eta familiako zereginak albo batera utzita eta euren aisialdi apurra sakrifikatuz, larunbata arratsaldetan arabierazko klaseak ematen dizkiete haurrei eta helduei, sustraiak erabat galdu ez ditzaten eta arabieraz idazten eta zenbatzen jakin dezaten».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!