Nora Lafuente eta June Aguado izan dira garaile Gazte mailako Hernaniko Aurresku txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 26a, 00:00

A saileko (8, 9 eta 10 urte) eta B saileko (10, 11, eta 12 urte) haurrentzako txapelketa jokatu zen igandean Biteri kultur etxean.

Nora Lafuente legazpiarra eta June Aguado villabonatarra izan dira garaile Gazteen Hernaniko Aurresku Txapelketan. Igandean jokatu zen Biterin, 2023-24 ikasturteko Aurresku ligaren barne. Txapelketa Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrak antolatu zuen, Hernaniko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta 8 urtetik hasi eta 13 urte bitarteko dantzariek parte hartu zuten A sailean (8, 9 eta 10 urte) eta B sailean (11, 12 eta 13 urte).

A saileko dantzariek, Ormatxulo eta Agurra dantzak eskaini zituzten; eta B sailekoek berriz, Hondarribi haundia eta Legazpi Zortzikoa. Epamahaia Idoia Besadak, Nahikari Vizuetek eta Katerin Artolak osatu zuten eta A sailean Nora Lafuente (Legazpi), eta B sailean June Aguado (Amasa-Villabona) izendatu zituzten txapeldun. 

Bigarren saria A sailean Amaiur Iturbe lezoarrak eskuratu zuen eta hirugarren saria Hugo Haro herrikideak. B sailean, Unax Ansola elgoibartarra izan zen bigarren, eta Judith Jacinto lezoarra, hirugarren. Maila altua ikusi zen.

Urtarrilaren 13an eman zitzaion hasiera Aurresku ligari eta hurrengo txapelketa datorren apirilaren 20an jokatuko da Lezon.

Bestetik, sail bakoitzetik ongien sailkatutako dantzariek Euskal Herriko Gazte Mailako Aurresku txapelketan parte hartuko dute. A eta B sailekoek, maiatzaren 25ean, Errenterian izango dute txapelketa, eta D sailekoek berriz, maiatzaren 18an Legazpin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!