Asier Iguiñiz irundarrak irabazi du Gipuzkoako Udaberri Saria, Euskal Herriko errekorrarekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 26a, 00:00
Enaitz Goñi, Amaya Cendoya, Asier Iguiñiz, Unai Zubeldia eta Mattin Zubeldia sariekin eskuetan.

Hernaniko igerilekuan jokatutako txapelketak aurreikuspenak gainditu zituen maila oso altuarekin. Garaileak lau estiloetako 200 metroko proban lortu zuen errekorra. Laugarren amaitu zuen Enaitz Goñik azken sailkapenean.

Asier Iguiñiz izan zen Gipuzkoako Udaberriko Sariko protagonista nagusia asteburuan, Hernanin. Inoiz Hernanin antolatutako txapelketa onena bezala aurkeztu zen eta aurreikuspenak motz geratu ziren. Bidasoa taldeko irundarrak garaipena lortu zuen FINA taulan 753 punturekin, eta puntuaketa hori eskuratu zuen, lau estiloetako 200 metroko proban Euskal Herriko errekorra hobetu eta gero. 2:00.48an geratu zuen kronometroa eta pasa den abenduan Espainiako Kluben Arteko txapelketan berak eginiko 2:01.01eko denbora puskatu zuen. Hori igande goizean izan zen, baina larunbatean bizkar estiloko 200 metroko proban, Euskal herriko errekorretik 12 ehunekotara geratu zen 1:58.50eko denborarekin. 

Iguiñiz ez zen izan protagonista bakarra. Proba ederrak ikusi ziren eta ia denetan izan zen oso maila altua. Bat aipatzekotan deigarria izan zen estilo libreko 200 metroko proba. Hiru igerilarik egin zuten 1:51ko denbora eta horien artean izan zen Bidasoa taldean igeri egiten duen Enaitz Goñi igerilari hernaniarra. Astigarragan bizi den kirolariak 1:51.93ko denbora egin zuen, hirugarren amaituz. Lehia estua izan zuen taldekide diren Asier Iguiñizekin eta Unai Zubeldiarekin, hauek 1:51.41 eta 1:51.55 egin eta gero. Denbora horiei esker Zubeldiak hirugarren amaitu zuen sailkapen orokorrean, 706 punturekin, eta Enaitz Goñik laugarren, 150 euroko saria irabaziz, 699 punturekin. 

Sailkapen nagusi bakarra nesken eta mutilen denborak kontutan hartuta egin zen. Honela, bigarren postuan Bidasoa taldeko Amaya Cendoyak amaitu zuen estilo libreko 200 metroko proban 716 puntu lortuz, 2:03.26ko denborarekin. 

Txapelketa infantil, junior eta absoluto mailakoa izan zen eta Gipuzkoako igerilari onenak bildu ziren bertan. Bi egunetan goi mailako igeriketaz gozatu zuten harmaila bete zuten ikusleek. 

Hernani Kirol Elkarteko hainbat igerilarik hartu zuten parte, markarik onenak eginez eta beste taldeetan dauden beste zenbait igerilari hernaniar ere aritu ziren lehian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!