Ibai ertzetako basoa berreskuratu nahian, Erribera-txikiko lurretan jarri zuen hitzordua Sagarreta Natur Taldeak, martxoaren 16rako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Flora eta Faunaren Kontserbazio Sailarekin elkarlanean. Eta hantxe elkartu zen talde polita, Zubiondo eta Ibaiondo poligonoen artean, Urumea ibaiaren erriberan. Deialdi irekia egin zuen Sagarretak herritarrentzat, eta nabarmendu dutenez, Aratz ikastolako haur eta guraso «koadrila ederra» azaldu zen laguntzera.
Bertako berezko basoa berreskuratzeko ahalegin horretan, ehunka zuhaitz eta zuhaixka landatu zituzten partehartzaileek: lizarrak, altzak, haritzak, urkiak, sahatsak, sagarminak, gurbitzak... Gainera, lan saioaren hasieran nahiz bukaeran, Jon Zulaika Aldundiko teknikariaren «azalpen interesgarriak» jaso zituzten bertaratuek.
Sagarretak jakinarazi duenez, lan horrek «jarraipena» izango du, eta landaketa gehiago egiteko asmoa daukate, «espezie inbaditzaileak kendu ahala». Landaketa horiek, «ADIFek abiadura haundiko trena eraikitzeko okupatutako lurretan» ari dira egiten, natur taldetik zehaztu dutenez.
Martxoaren 16ko landaketa argazkitan jaso eta honako albuma osatu zuen Kronikak: