Lehenengo postuan bukatu du liga Hernanik, Gijonen 0-58 irabazi eta garaipen-plenoa osatuta

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 25a, 00:00

Landaren bezala, Gijonen ere nagusitu zitzaion Hernani talde asturiarrari.

Trikoloreek bukaera borobila eman diote Ohorezko B Mailako ligari. Igoera fasetik kanpo geratu ondoren, nagusi izan dira bigarren itzulian.

Aurreko urtean bezalaxe, aho zapore gazi-gozoarekin bukatu du denboraldia Hernanik, gizonezkoen Ohorezko B Mailan. Gazia, igoera fasea jokatzeko ilusioak eskuetatik ihes egin ziolako aurreneko itzulian; eta gozoa, bigarren itzulian jokatutako zazpi partiduak irabazi dituelako. Igoera jokatu ez duten taldeen artean, onena izan da Hernani bere multzoan; eta beste bi multzoei erreparatuta ere, trikoloreek lortu dituzte puntu gehien, 65 guztira.

Larunbat arratsaldean lortu zuten azkeneko garaipena, Asturiasen, Korrika Hernanitik pasa eta Hernaniko Errugbi Elkarteak Akarregin lekukoa hartu zuen une bertsuan. 0-58 nagusitu ziren trikoloreak Gijonen zelaian, garaipena eta erasoko bonusa eskuratuta.

Ideiak argi zituztela eta bere sasoi-puntu ona erakutsita, berehala hartu zuten aurrea hernaniarrek, Iker Carbajoren eta Aimar Gorrotxategiren entsaio banarekin, 10garren minutua bete aurretik (0-12). Haiek biak izango ziren, gainera, lehenengo zatiko beste bi entsaioak gauzatuko zituztenak, trikoloreek zelaian zeukaten nagusitasuna markagailuan ere islatzeko. Horrela, 0-22 iritsi ziren atsedenaldira.

Entsaio-festa are haundiagoa izan zen bigarren zatian, hernaniarrek ez baitzuten erritmoa jaitsi, eta gozatu egin baitzuten denboraldiko azkeneko minutuez. Horrela, beste sei entsaio lortu zituzten, 5-10 minututik behin bat: Kepa Mijangosek bi, Jon Ander Zapiainek eta Andoni Larrartek bana, eta Aimar Gorrotxategik beste bi azkeneko minutuetan, aurreneko zatian lortutakoekin guztira lau pilatzeko. Gainera, Beñat Arizetak lau entsaioren konbertsioa lortu zuen.
 

Ilusioa pizteko moduko denboraldia, datorrenari begira

Larunbateko garaipenarekin, A multzoko lider bukatu du Hernanik, 65 punturekin, Gernika bigarrenak baino lau gehiago. Hirugarrena, Gaztedi, 21 puntura geratu da. Aurten igoera fasea jokatzerik ez izan arren, ilusioa pizteko moduko denboraldia osatu du Hernanik. Izan ere, oso talde gaztearekin aritu da aurten, eta erakutsi dute kontrario gogorrenei aurre egiteko gai direla. Bigarren itzuliko nagusitasunetik harago, lehenengo itzulian ere partidu haundiak jokatu zituzten. Igoera lortzeko lehia bete-betean dagoen Getxori, esaterako, irabazi egin zioten Landaren. Nahikoa motibo badaukate trikoloreek, beraz, datorren denboraldiari gogotsu begiratzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!