Erniarraitz bertso sariketa irabazi du Andoni Rekondok, Azpeitian

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 24a, 00:00
Andoni Rekondo, txapelarekin, Azpeitian. Argazkia: Maialen Etxaniz/UKT

Ederra egin zuen Andoni Rekondo bertsolari hernaniarrak, ostiral gauean, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean: saio bikaina osatu, eta XII. Erniarraitz bertso sariketa txapela jantzi zuen, 287 punturekin. 31,5 punturen aldea lortu zuen Aitor Tatiegi bigarren sailkatuarekin (255,5). Gainera, berea izan zen finaleko bertsorik onena ere.

Bosna ariketa osatu behar izan zituzten sei finalistek, eta nahiko orekatua izan zen finala; denek izan zuten bere momentua. 120 ikusleren aurrean, hasieran kosta egin zitzaien saioa berotzen, baina ale politak utzi zituzten, eta saioak nabarmen egin zuen gora zortziko txikitik aurrera, seiko motzean goia jo arte, publikoa gozaraziz. Ganbarakoan ere, bertso politak eskaini zituzten sei finalistek.

Zortziko haundian, lehenengo ariketan, gustura aritu zen Re­kondo, Gorka Pagonabarraga­rekin. Gai pisutsuak izan ohi dituen ariketan, «gaia arintzen eta umoretik jotzen» saiatu ziren bi bertsolariak, eta eskertu egin zu­en publikoak. Bi bizilagun ziren, eta Rekondok proposatu zion portalaren garbiketarako enpresa bat kontratatzea. Bukatu zuten elkarri galdezka fregona bat nola eusten den ba ote zekiten...

Hurrengo bi ariketetan, zortziko txikian eta puntu erantzunetan, gehiago kosta zitzaion hernaniarrari, baina seiko motzean bikain aritu zen berriro, Irantzu Idoaterekin. Gurasoak ziren, eta haien semeak moto bat eskatu zien. Azkenaldiko istripuekin kezkatuta, zalantza erakutsi zuen Idoatek, eta aldiz, hainbeste muga jartzearen kontra azaldu zen Rekondo, semearen ikuspuntua ulertuz. Ariketa horretan botatako hirugarren bertsoarekin lortu zuen hernaniarrak bertso onenaren saria:

 

Egin beharko da hala
ez zaitez izan petrala
jakin badakit gure semea
ez dela hain bala.
Scooter bat zerbitzala
raspa diezaion azala
eta benetan merezi dion
probatu dezala.

 

Eta ganbarakoan, azkenik, ho­­nakoa zuten gaia: 'Denbora da­ramazu talde lanean; gaur tal­deko lider izateko aukera eskaini dizute'. Ion Izagirre txirrindulariaren aza­letik aritu zen Rekondo, orain arte taldekideentzat lanean aritu eta Frantziako Tourrean taldeburu izateko proposamena jasota.

Itzeder Arrizabalaga trikitilariaren eskutik jaso zuen txapela Rekondok. «Sekula­ko poza» hartu zuen hernaniarrak, sari potoloarekin: «Askotan elkartzen gara bertso eskolan, eta horrelako gau­zek indartzen dute egiten du­gun lana. Lanik gabe ez dago ho­rrelakorik lortzerik, baina poz haundia hartzen da, lana ustez ondo egin eta bere fruitua ematen duenean». Hain juxtu, bertso eskolako kideekin gogoratu zen bukaerako agurrean, hementxe entzungai:

https://www.instagram.com/reel/C41hXKKiBMe/?utm_source=ig_web_copy_link

Finalean «gustura» aritu zen hernaniarra: «Saioaren aurretik, elkarrekin afaldu genuen bertsolariok, eta oso giro polita sortu zen. Eta ondoren, finalean, nahiko lasai aritu nintzen hasieratik. Sentsazio arraroa ere izan nuen, ustez ondoen aritu behar nuen ariketetan ez nuelako gozatu, eta aldiz, gehien kosta behar zitzaidan horietan gustura aritu nintzelako. Ganbarakoaren aurretik ez nekien neurtzen zer nolako saioa ari nintzen egiten, baina azkenerako txapela lortu nuen, eta uste baino alde haundiagoarekin», azaldu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!