Energia aurrezten jarraitzeko hitzarmena berrituta, Udalak

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 23a, 00:00

Xabier Lertxundi, Urumea ikastolan ikasleekin.

Bi eskolen artean 23.241,85 euro aurreztu zituzten pasa den ikasturtean.

Urumea Ikastolak eta Ereñotzuko Txirrita eskolak, Euronet 50/50 proiektu hezitzaileko hitzarmena berritu dute, Udalarekin. Modu honetara, konpromezua hartu dute efizientzia energetikoan aurrerapausoak ematen jarraitzeko euren ikastetxeetan.

Hitzarmena Xabier Lertxundi alkateak eta Urumeako zuzendari Hoki Guerrerok eta Txirritako Garbiñe Makatzagak sinatu dute. Udal ordezkariek, bi eskoletako ikasleekin egoteko aukera ere izan dute, eta ondorengoak dira ikasturtean zehar efizientzia energetikoaren inguruan egin dituzten lanak.

Urumea ikastolako eta Txirrita eskolako ikasleek Talde Energetikoak sortu dituzte. Euren egitekoa eskolako energia-kontsumoaren jarraipena egitea da. Horretarako, datuak jasotzen dituzte, besteak beste.

Urumea ikastolaren kasuan, aurreztutako diruarekin ikasgeletako argiterian aldaketak egin nahi ditu. Momentu honetan, argiteria ordezkatu ahal izateko azterketa egiten ari dira. Txirrita eskolan, berriz, aldageletako dutxetako instalazioa aldatu dute, energia galera gutxitzeko. Finantzaketan, Hernaniko Udalak eta Ereñotzuko Auzo Udalak lagundu dute. 

 

Aurrezten den guztia, eskolan inbertituko dute

Euronet egitasmoaren helburua eraikin publikoetako energia aurreztea da. Hain zuzen ere, LHko ikastetxe publikoetako gastuak Udalak ordaintzen ditu. Urumea ikastolak eta Txirrita eskolak hartutako konpromisoari esker, iazko ikasturtean 23.241,85 euro aurreztu ahal izan zituzten Hernaniko Udalak eta Ereñotzuko auzo-Udalak (17.601,63 euro Urumea ikastolak eta 5.640,22 euro Txirrita eskolak). Elektrizitatean eta gasan aurreztu zuten kopuru hori.

Eta amaitzeko, jakinarazi dute ikasturte honetako datuak ikasturte bukaeran jakingo dituztela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!