'Nola sortu herriko armarriaren irudi berria' hitzaldia gaur, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 21a, 00:00

Joxin Azkue Gabilondo zizurkildarrak eskainiko du gaurko hitzaldia.

Gaztelaniaz izango da gaurko hitzaldia, Joxin Azkueren eskutik, 19:00etan hasita, Biterin.

Hernani Errotzenek 2024ko urteko ekitaldien programa bi hitzaldirekin hasiko du; horietako bat atzo eskaini zen, eta bigarrena, gaur izango da. Arratsaldeko 19:00etan emango zaio hasiera hitzaldiari, Biterin eta Joxin Azkue Gabilondo izango da hizlaria.  'Nola sortu herriko armarriaren irudi berria' izeneko hitzaldia eskainiko du Historian lizentziatua eta Hernandorena Kultur Elkarteko kidea den zizurkildarrak. Gaztelaniaz eskainiko du hitzaldia, eta Zizurkileko armarriari eta Hernandorena Kultur Elkarteak honi buruz egindako hausnarketari buruz jardungo du besteak beste: «Zizurkilen, herriko armarriak 1512an gertatu zen "Belateko gudua" gogoratzen duten kanoiak zituen irudikatuta. Irudi horrek Nafarroak bere independentzia galdu zuen garaia erakusten zuen eta Gaztelaren konkista herriko armarria irudikatzea ez zuten begi onez ikusten zizurkildar askok. Senide arteko liskarren ondorioa zen Belatekoa eta horregatik jarri zitzaion Gipuzkoako armarriari 12 kanoiko irudia Gaztelako Juanaren aginduz. Hernandorena Kultur Elkarteak, udalaren ordezkariek eta herritar talde zabal batek herriko armarriari buruzko hausnarketa prozesua abiatu zuen. Hitzaldiak, mahai-inguruak eta bilerak egin ziren eta azkenean, orduan zuten herriko armarriaren iruditeria aldatzea proposatu zuten». Hartutako erabaki horrek, ordea, galdera ekarri zuen berarekin: «eta nolakoa izango da armarri berria? Galdera Eusko Ikaskuntzari luzatuta, ondorengo erantzuna etorri zen: Armarri baten irudiak ez dira aldaezinak. Identifikatzen duten erakundearen izaerari erantzun behar diote, eta herritar gehienek kanoiak kentzeko garaia dela uste badute, adostasunez egin dezakete».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!