Plazara Gunea, merkataritza eta turismo sektoreentzako bulego berria, Gudarien Plazan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 21a, 00:00

Asteartean aurkeztu zuen Udalak 'Plazara Gunea', prentsaren aurrean.

Asteartean egin zuten 'Plazara Gunea'ren aurkezpena, bulegoak eskainiko dituen zerbitzuen berri emateko asmoz.

Hernaniko Udaleko Merkataritza eta Turismo sailak, duela aste gutxi batzuetatik Hernaniko Gudarien plazan bertan ireki berri du bulegoa: 'Plazara Gunea'. Eta asteartean eman zituzten bulegoaren nondik norakoak. Orain arte, bulegoa Biterin egon da kokatua eta Udalak dio leku aldaketarekin «ikusgarritasuna» irabazi duela. Hernaniko herriko enparantza «berritzen» ere lagunduko duela nabarmendu du Udalak: «eta aldi berean, Merkataritza eta Turismo departamentua ezkututik aterata, sailak eskaintzen duen udal zerbitzua jasotzea eta ematea erraztu nahi dugu».

Plazara Guneak udal zerbitzuko bi arlo biltzen ditu; batetik, merkataritza; eta bestetik, turismoa. Hala, izen propioa jarri dio Udalak, 'Gure Herria Plazara' gunea, eta izenaren arrazoiak elkarbanatu ditu herritarrekin: «izenak, bulegoaren izana laburtzen du: plazan bertan dagoenez, kokapena zehatz-mehatz azaldu du; merkataritza arloarekin lotuta». 

Udalaren arabera, Plazara Gunea udal zerbitzuak, Merkataritza eta Leihatilaren zerbitzua eskainiko du: «Hernanin, merkataritza negozio bat duenari edota negozio bat jarri nahi duen horri lehen arreta informazioa emateko gunea da. Ekintzailetzarako dirulaguntzei buruzko informazioa ere jaso daiteke».

Hernanin negozio bat duenarentzako edo eduki nahi duenarentzako «hurbileko eta konfiantzazko» gune bat dela azaldu du Udalak Merkataritza eta Turismo teknikaria den Jaione Irazuk: «Sektoreari lehenengo arreta eta laguntza emateko erreferentziazko gune izan nahi dugu».

Era berean, Plazara Guneak baliabide berri bat eskainiko die merkataritza zein turismo arloetako Hernaniko profesionalei: «aldez aurretik eskatuta erabili ahal izango duten bilera gela bat, sektoreekin lotutako saio profesionalak gauzatu ahal izateko».

Azkenik, Plazara Gunea hernaniarrentzako zerbitzua dela azpimarratu dute, eta horregatik, bertaratzera eta ezagutzera gonbidatu ditu Udalak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!