Osiñagako kontuak gaur aterako dira argitara, Atsegindegin egingo duten ekitaldian

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 21a, 00:00

19:30etan emango zaio hasiera 'Herri txiki, infernu handi' ekitaldiari Atsegindegin, eta bertaratzeko deia helarazi zaie herritarrei.

Mikel Pagadik eta Miren Nogalesek, bisitatu dituzte dagoeneko Osiñaga auzoko baserriak eta etxeak; izan ere, aurreko asteko asteazkenean egin zituzten  'Herri txiki, infernu handi'ko etxez-etxeko grabaketak eta orain, ekitaldi nagusiaren txanda heldu da. Gaur arratsaldeko 19:30etan eskainiko dute monologoa Nogalesek eta Pagadik Atsegindegin, Osiñagako pasadizoak herritarrekin elkarbanatuz.

'Herri txiki infernu handi' programakoak herritarrei gonbidapena luzatzeaz gain, Osiñagako Auzo Elkarteak ondorengoa helarazi die herritarrei, «gonbidapena zabaltzen dugu auzoko jendeari, auzoarekin lotura haundia duten herritarrei eta auzoan jaiotako guztiei». 

 

Parte hartu duten herritarrak

Osiñagako bizilagunek prestutasun osoa erakutsi omen zuten eta ondorengoak dira, gaur Atsegindegiko pantailan agertuko diren auzotarrak: Perrapa baserria, Osiñagako xerifa, Elorrabiko Batixta, Iparragirreko Juantxo, Urtzi Telleria, eta Juma, esgrimako irakaslea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!