«Hartu beharreko neurriak ez dira nahikoak», dio PSE-EEk

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 20a, 00:00

Santa Barbarako lixibatuen auziaren ostean alderdi sozialistak espedientea aztertu du eta kontrol-neurri gehiago eskatu ditu.

Joan den asteazkenean tokiko garapeneko ezohiko batzordean Santa Barbarako harrobiko lixibiatuen kasuan irekitako eginbideen ondorioei buruzko informazioa jaso ondoren, udal talde sozialistak horri buruzko espedientea aztertu ahal izan du eta bere ondorioak atera ditu.

Sozialistentzat eginbide horiek osatu gabe daude, «gertatutakoa azaltzen duten arren, etorkizunerako neurri zuzentzaileak ez direlako nahikoak».

«Ez-betetze horren aurrean, egoera horren erantzule diren enpresa eta pertsonei informazio eta zehapen espedienteak irekitzea eskatzen dugu, ingurumenean eragin daitezkeen kalteak ezagutu arren ez baitzuten modu arduratsuan jokatu, Ingurumen Erantzukizunaren Legeak ezartzen duen bezala». diote sozialistek.

Era berean, alderdi sozialistari ez zaio nahikoa iruditzen harrobian pilatzen den materiala estaltzeko estalki bat jartzea soilik proposatzea. Sozialistek proposatu dute estalki horretaz gain, Etxeberrin metatzen den egituratzailea ere estalpean gordetzea, «baina are garrantzitsuagoa da lixibatuak biltzeko sare bat sortzea, etorkizunean gertatu dena berriro gerta ez dadin». Ricardo Crespo bozeramaile sozialistaren arabera, «Santa Barbarako harrobia akuiferoen kalteberatasun haundiko eremu batean dago, eta, beraz, beharrezkoa da lixibiatuak biltzeko sare bat izatea, une oro jaso eta tratatuko direla ziurtatzeko, eta lurpeko akuiferoen kutsaduratik erator daitezkeen ingurumen kalteak saihesteko; izan ere, lixibiatu horrek, egindako analitiken arabera, Zinken balioen muga gainditzen du, nitritoetan bezala (DBO, DQO eta solido esekiak), nahiz eta ingurumenarentzat eta pertsonentzat ez diruditen arriskutsuegiak».

 

«Kontrol analitikoak egitea»

Halaber, sozialistek eskatu eta funtsezkotzat jotzen dute etorkizunaren ondorioz sor daitezkeen ihesen aldizkako kontrol analitikoak egitea, han gertatzen denaren kontrola izateko. Hala ere, Crespok dioenez, «agian pentsatu beharko genuke baheketa prozesua egiteko leku egokia den edo dena beste leku egokiago batera eraman beharko genukeen, eta, horrela, beharrezkoa den inbertsioa aurreztuko genuke».

Espedientea irakurrita, Hernaniko PSE-EEk ere uste du denbora luzez harrobian konpostarekin egindako lana ez dela behar bezala dimentsionatu. «Koordinazio akatsak egon dira parte hartzen duten eragileen artean, eta sozialistentzat kezkagarriena dena, erabilitako giza baliabideak eta baliabide materialak ez datoz bat lanaren eta materialaren bolumenarekin. Horrela, udalaren eginbideetan gomendatzen da orain arte eskuz egiten zen baheketa egiteko behar adina makina erostea». Baina sozialistentzat hori ez da irtenbidea, «Ez al litzateke eraginkorragoa izango Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa, non ordezkatuta dauden lurraldeko udal guztiak, Hernaniko konpostaz arduratzea? Hondakinen partzuergoak baditu lurraldeko konposta tratatzeko behar diren makinak eta langileak. Zergatik Hernanin lana bikoiztu eta gastua bikoiztu behar dugu?».
Diotenez, Gipuzkoak badu lurraldeko hondakin organikoen kudeaketa arautzen duen foru arau bat, eta «Gipuzkoak baliabide egokiak ditu, hala nola Hondakinen Kontsortzioa, zeinak frakzio organikoa behar bezala tratatzeko azpiegitura eta makina egokiak baititu. Zergatik ez erabili?».

Azkenik, udal talde sozialistak proposatu dio udalari harrobiaren eremua udalerri barruko gune babestu izendatzea, eta bertan inolako jarduerarik egin ezin izatea, harik eta gunea lehengoratzen ez den arte, hernaniarrek nahi duten moduan erabil eta goza dezaten. Horrez gain, erabilera hori bideratuko duen lehentasunezko jarduera-eremu gisa markatzea proposatu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!