Joxan Rekondok ‘Matxinada contra Auzolan’ liburua aurkeztuko du larunbatean Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 20a, 00:00

Goizeko 11:00etan Biterin, hausnarketa egingo dute etorkizuneko erronkei modu positiboan aurre egiteko behar dugun memoriari buruz.

Joxan Rekondoren Matxinada con­tra Auzolan liburuaren aurkezpena egingo dute Biterin, larunbat honetan, hilak 23. Goizeko 11:00etan izango da. Argitalpen honetan, Rekondok euskal herritarrek gatazkako hamarkadetan bizi izan duten egoera paradogikoa aipatzen du: «Aurrerapen sozial nabarmenarekin batera, indarkeria gizagabearen zama eraman izan dugu».

Liburuak ispiluan jartzen ditu herriaren erronka politiko, sozial eta ekonomikoei aurre egiteko bi modu kontrajarriak: «Alde batetik, tragedia haundia utzi duen indarkeria iraultzailea. Eta, bestetik, guztion ongiaren eta gizarte-eraldaketaren bila egindako lan komunitarioa, herrialdeko indar dinamikoenak horrekin konprometituta egon baitira».

Joxan Rekondok Auzolanen espiritu hori berritu eta indartzearen alde egin du bere saiakeran, herriak aurre egin behar dien zeregin berrietan denok batera parte hartzearen alde, abertzaletasun ireki batetik abiatuta eta datozen erronka berriez jabetuta. Egileak Arizmendiarrietaren ibilbidea goraipatzen du, bere pentsamendua eta praxia, benetako herri-mugimendu bat sortzea lortu baitzuen, pertsonen sustapena bilatuz eta pertsonen lana komunitatearen zerbitzura bideratuz. Liburuaren aurkezpen ekitaldian, egileaz gain, Imanol Lizarralde historialariak, Andoni Eizagirre ikertzaileak eta Gabriel Otalora idazleak hartuko dute parte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!