Hernaniko neskek 6-0 irabazi dute, eta mutilek ezin irabazi segitzen dute

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 19a, 00:00

Hernaniko neskak nagusi izan ziren Zubipen, Aranbizkarraren kontra

Aranbizkarra gainditu dute neskek Euskal Ligan, eta mutilek seigarren porrota jarraian jaso dute.

Hernaniko neskek pronostikoa bete zuten Aranbizkarraren aurka, eta 6-0 lortu zuen garaipena Euskal Ligan. Talde bizkaitarra azken postuan dago sailkatuta, punturik lortu gabe. Lehendabiziko zatia nahiko berdindua izan zen. Seigarren minutuan hernaniarrak aurreratu ziren Sylvia Lasaren golari esker, baina markagailua ez zen gehiago mugitu atsedenaldira bitarte. 

Bigarren zatian etorri zen hernaniren erauntsia. 48garren minutuan 2-0 jarri zuen markagailua Garazi Lizarragak, eta 62garren minututik 72garren minutura hiru gol gehiago sartu zituzten etxekoek. 3-0koa Lorea Lasak lortu zuen; laugarrena Maddi Muñozek; eta bosgarrena Noa Sanchezek egin zuen. Partiduko azken gola, 6-0ekoa, Cesiari esker igo zen markagailura, 83garren minutuan.

Hernaniko neskak seigarren postura igo dira sailkapenean. Bosgarren postua urruti daukate, baina ligako seigarrena, zazpigarrena, zortzigarrena eta bederatzigarrena hiru puntuko tartean daude.

Bolada txarretik irten ezinik dabiltzanak Ohorezko Erregional Mailako mutil hernaniarrak dira. Asteburuan seigarren porrota jarraian jaso zuten Bergaran: 1-0eko markagailuarekin galdu zuten. 2024garren urtean ez dute garaipenik lortu, eta bolada arriskutsu ari da bihurtzen. Goiko postuetatik beherako bidean jarraitzen dute, eta orain hamaikagarren postura jaitsi dira. 

 

Mundarrok ere galdu, Axular Lizeoaren aurka

Hamaikagarren postuan daude Mundarroko mutilak ere, Erregional Preferenteen mailan. 3-0 galdu zuten Axular Lizeoaren aurka, eta moreak ere bolada txarrean daude. Ez dute jaisteko arriskurik, baina joera aldatu beharra daukate.

Azkenik, Hernaniko mutil jubenilen Liga Nazionaleko taldeak 1-2 galdu zuen Zarautzen aurka. Min ematen duen porrot horietako bat izan zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!