Podemosek hondakin bilketari buruzko hausnarketa egiteko eskatu dio Hernaniko Udalari

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 17a, 00:00

Martxoko osoko bilkuran aurkeztu zuen mozioa Podemosek eta bertan eskatu zuten, besteak beste, «Hernanin hondakinak biltzeko ezarri den sistemari buruzko gogobetetze-inkesta berri bat egitea».

Hernaniko Elkarrekin Podemosek martxoko osoko bilkuran hondakinak atez ate biltzeko sistemari buruzko mozio bat aurkeztu zuen, «mozioa aurkeztu genuen hausnarketa egiteko, 14 urtez ezarri ondoren».

Horrez gain, talde moreak azaldu du areagotu egin dela aspaldidanik, herrian dagoen zikinkeri eta utzikeri sentsazioa eta adibideak elkarbanatu ditu: «URAk konposta bahetzen den lekutik gertu dagoen Santa Barbarako harrobiko ur-putzu batean lixibiatuak detektatzeak, zakarrontzirik ez izateak eta daudenak husteko maiztasun eskasak, zintzilikarioetako zikinkeriak, zoruko zabor-poltsak, txotx denboraldiaren 4 hilabete luzeek sortutako hondakin plastiko gehiegi ikusteak... horrek guztiak ilundu egiten du atez ateko sistema».

Horregatik, Podemosek dio bere talde politikoak «irmo» sinesten duela gizarte osoak hondakinen sorrera murrizteko eta birziklatzeko dugun erantzukizunean. Hala ere, diote, «egungo eredua hobetu» behar dela, eta horretarako, «ezinbestekoa da herritarren ekarpenak entzutea», gehitu du.

«Urtebete da Hernani 0 waste – 0 zabor udalerria izendatu zela. Ziurtagiri hori lortzeko eta mantentzeko nahitaezkoa da baldintza jakin batzuk betetzea, besteak beste, gutxienez urtean behin herritarrei zero hondakinen planaren diseinuari eta garapenari buruzko
kontsultak egitea eta haren emaitzak jakinaraztea» azaldu du Podemosek, eta kontsulta horien ondorioei buruz galdetzerakoan «2010eko gogobetetze-inkesta bat eta 2022an Martindegin bakarrik egindako partaidetza prozesu bat aurkeztu dizkigute», aitortu du.  

Horregatik, Podemosen ustez «2010ean oinarritutako datuak 2023ra eramatea irreala da». Eta, beraz, Podemosek ondorengoa eskatu dio Udalari: «Hernanin hondakinak biltzeko ezarri den sistemari buruzko gogobetetze-inkesta berri bat egitea, parte hartze zabala izatea, eta behin hori eginda, emaitzak argi eta garbi argitaratzea».

Amaitzeko, partaidetza prozesu bat abiaraztea ere eskatu du Hernaniko talde moreak, ondorengo arrazoiak tarteko: «herritarrek hiri-hondakinen bilketa hobetzeko proposamenak egin ditzaten».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!