Hiru proiektuk jaso dute Hernaniko Udalaren arte sorkuntzarako beka

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 16a, 00:00

Uxue eta Miren Bereziartuak, Erika Elizarik eta Miren Gojenolak jaso dute laguntza. 

Hernaniko Udaleko Kultura sailak hiru proiektu hautatu ditu arte sorkuntzarako laguntzak emateko. Uxue eta Miren Bereziartua, Erika Elizari eta Miren Gojenola sortzaileek jaso dute beka.

Bereziartua ahizpek 'Gure herriko señorak' izeneko proiektua gauzatuko dute. Ilustrazioa, argazkia, soinu diseinua, bideo animazioa eta testua uztartuko dituzte proiektuan: «Adineko emakumeen ikusgarritasuna landuko du eta lanaren emaitza erakusketa eta liburuxka banatan erakutsiko dituzte».

Erika Elizarik 'Mikrokontakizun ilustratuak' lana garatuko du, literatura eta arte plastikoak nahastuta: «Baldosatan Hernaniri buruzko mikro istorioak estanpatu eta herriko zortzi auzotan jarriko ditu».

Azkenik, 'Hiru' izeneko podcasta zuzenduko du Miren Gojenolak. Uxue Apaolaza, Iñigo Legorburu eta Ainara Ortega idazleek Hernaniko hiru kaleri buruzko testuak idatzi dituzte, eta Gojenolak, Ortegak eta Mikel Laskurainek jarriko diote ahotsa.

Guztira, 15.000 euro bideratuko ditu Hernaniko Udalak proiektu hauetara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!