Palestinaren aldeko mozioaren harira, azalpenak eman ditu EAJ-PNVk

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 15a, 00:00

Andoni Amonarraiz bozeramaileak «gezurrak axolagabeki zabaltzea» egotzi dio EH Bilduri.

Otsaileko Osoko Bilkuran bozkatu zuten Hernani Palestina Herri Ekimenak aurkeztutako mozioa. EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin atera zen aurrera, eta abstenitu egin ziren EAJ-PNV eta PSE-EE.

EH Bilduk, hedabideetara bidalitako ohar batean, oposizioko bi alderdien «ekidistantzia» kritikatu zuen, eta kritika horri erantzuna eman dio Andoni Amonarraiz Hernaniko EAJ-PNVko bozeramaileak.

Amonarraizek «gezurrak axolagabeki zabaltzea» egotzi dio EH Bilduri: «Harrigarria da Hernaniren eta elkarbizitzaren alde lanean ari den inork ohar hori hedabideetara bidaltzea».

Bozeramaileak nabarmendu du EAJ-PNV «mozioaren alde» zegoela, baina arrazoi batek eraman zuen Udal Taldea abstentziora: «Gazako herritarren sufrimendua besterik ez zen aipatzen, israeldarren sufrimendua aipatu gabe».

Gertakari hau baliatuta, 2019ko pasarte bat ekarri nahi izan du gogora Amonarraizek: «ETAren biktimen eta euren senideen sufrimendua aitortzeko mozioaren aurka bozkatu EH Bilduk, biktimen sufrimendua ezin dela konparatu argudiatuta. Esan zutenez, biktima guztiak osotasunean aztertu behar dira. Orduan, zertan geratzen gara? Irizpide horrek Euskal Herrirako bakarrik balio du?».

Amaitzeko, Gazako eta Israelgo egoera salatu du Amonarraizek: «Gazan egiten ari diren gehiegikeriek ez dute izenik, ezta israelgo herritarren erailketek eta bahiketek ere. Gu beti desberdinen arteko elkarbizitzaren alde!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!