«Proletargoak bizi bitarteko oinarrizkoenak ere ez ditu bermatuta kapitalismoan»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 15a, 00:00

Etxebizitza Sindikatutik egungo egoera kritikatu eta antolatzeko deia egin dute.

Duela hilabete batzuk jarri zuen martxan Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuak 'Oinarrizko bizi bitartekoak bermatu!' kanpaina, eta egungo egoerari buruzko hausnarketa argitaratu du azken egunetan.

Etxebizitza Sindikatutik nabarmendu dute egoera «ez dela batere xamurra»: «Egoeraren gordintasunaren adierazle da, egun, EAEn jada 10 etxetatik 1 pobrezia energetiko egoeran izatea». Horren aurrean, salatu dute energia enpresak «inoizko irabazi haundienak» eskuratzen ari direla.

Alderdi politikoak ere aipatu ditu Etxebizitza Sindikatuak irakurketan. Azpimarratu dute «marketin politikoan» oinarritzen direla euren erabakiak, eta «alderdi sozialdemokraten» jarduna kritikatu dute batik bat: «Hornidura mozketak debekatu dituztela dioten arren, bai estatistikek eta baita Sindikatuaren jardunak ere kontrakoa erakutsi dute». Etxejabeek egindako hornidura mozketei dagokienez, Sindikatutik nabarmendu dute «legez kanpoko etxegabetzeak gauzatzeko» prozedura gisa erabili ohi dutela.

Testuinguru honetan, antolatzeko beharra adierazi du Sindikatuak: «Proletargoak bizi bitarteko oinarrizkoenak ere ez ditu bermatuta kapitalismoan, eta bitartean, enpresariek egoera baliatzen dute irabaziak pilatzen jarraitzeko. Oinarrizko bizi bitartekoek denontzat bermatuta egon beharko lukete».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!