Urte honetako urtarrilaren 16an idatzizko errekerimendu bat helarazi zion URA agentziak Hernaniko Udalari. Bertan adierazi zuen bertako langileek Santa Barbarako harrobira egindako ohiko ikuskapen batean «organikoen pilaketa bati zegozkion lixibatu isurketak» atzeman zituztela.
Hernaniko Udalak atzo jakinarazi zuen amaitu duela «ezohiko ur putzu» horretan egindako ikerketa, eta nabarmendu zuten bertan «ez dela lixibaturik egon»: «Auzo konpostaren prozesu guztian inplikatutako agenteak kontsultatu eta laborategian ur laginak ikertuta, Udalak ondorioztatu du Santa Barbarako konposta transferitzeko gunean ez dela ez lixibaturik ez bestelako kutsagarririk egon».
Xabier Lertxundi alkateak agerraldi batean eman zituen ikerketari buruzko argibideak, eta arratsaldean ezohiko udal batzordea elkartuta, emaitzen berri eman zien oposizioko ordezkariei. Lertxundik nabarmendu zuen «herritarren eta udal talde guztien aurrean une oro gardentasun osoz aritzeko hartutako konpromisoa».
Konposta egiteko prozedura «hobetzeko» neurriak hartuko ditu Hernaniko Udalak
Ikerketak lixibatuak izan zirela ezeztatzen duen arren, konposta egiteko sistemaren azken fasea «hobetu behar duela» ondorioztatu du Udalak: «Santa Barbarako biltegiak ez du estalperik, eta ikerketak ondorioztatu du beharrezkoa litzatekeela estalpe bat jartzea urarekin nahastu ez dadin».
Horrez gain, eragileen arteko koordinazioa hobetzeko asmoz, koordinazio mahai bat osatzeko proposamena egin du.