PBL jardunaldia gaur, Galarretako Campusean

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 13a, 00:00

Ingeniaritza-graduetako lehen, bigarren eta hirugarren mailetako 120 ikaslek diseinatutako benetako 27 proiektu erakutsiko dituzte bertan.

Mondragon Unibertsitateak PBL (Proiektuetan oinarritutako Ikaskuntza) jardunaldi bat antolatu du gaurko, Galarretako Eco Campusean, metodologian oinarritutakoa, hain zuzen. Goizeko 08:30etatik eguerdiko 13:00etara bitartean izango da, eta unibertsitateko 600 ikasle baino gehiago bertarako dira. Jardunaldian, Unibertsitateko ingeniaritza-graduetako lehen, bigarren eta hirugarren mailetako 120 ikaslek diseinatutako benetako 27 proiektu erakutsiko dituzte eta proiekturik onena eta berritzaileena ere aukeratuko dute. Unibertsitatekoek azaldu dute irakaskuntza-metodo berritzailea dela PBL: «arazoak ikuspegi orokor batetik ebaztearen alde egiten duena. Europa iparraldeko eta Estatu Batuetako unibertsitateekin parekagarria da eredu hori, eta, haren bitartez, ikasleek ikasturtean bereganatutako ezagutzak aplikatu eta ikasgelan eta banaka bereganatzen zailak diren gaitasunak garatu behar dituzte».

 

Ate irekiak, 16an

Gaurko jardunaldiaz gain, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Galarretako campusak ate irekien jardunaldi bat antolatu du, martxoaren 16rako, goizeko 11:00etatik aurrera. Bertan Unibertsitateak Galarretako EKO Campusean (Orona Ideo) eskaintzen dituen bi graduen berri emango dute. Zehazki, Energiaren Ingeniaritzako Gradua eta Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritzako Gradua. Ordu eta erdiko iraupena izango du, eta interesatuek graduen xehetasunak eta zentroko instalazioak ezagutu ahal izango dituztela aurreratu dute antolatzaileek. Saioa euskaraz izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!