Lizeaga auzoko egoera urbanistiko «negargarriari» buruz txostena osatu du Gibelalde Auzo Elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 13a, 00:00

Txostenak, Lizeaga auzoa osatzen duten kaleen, aparkalekuen, espaloien, plazen eta argiteriaren diagnostikoa jasotzen du.

'Lizeaga auzoaren urbanizazioa eraberritzeko jarduketa orokorra. 65 urteren ostean, noizko?' izenpean, txosten «xume» bat argitaratu du Gibelaldek, Lizeaga Auzoko Elkarteak, «duela hamarkada batzuetatik hona auzoak bizi duen egoera urbanistiko negargarria» agerian jarriz.

Txostenean, Gibelaldek argi dio «Lizeaga auzoaren egoera urbanistikoa negargarria» dela: «Auzoko lehen eraikinak 60ko hamarkadaren hasierakoak badira ere, ez da inoiz egin urbanizazioa eraberritzeko jarduketa orokorrik. Urte luze hauetan adabakiak baino ez dira jarri. Gure aitona-amonek gaur zapaltzen dituzten baldosak 60ko hamarkadaren hasierako haiek berak dira». 

Txostenak jasotzen du Lizeaga auzoa osatzen duten kaleen, aparkalekuen, espaloien, plazen eta argiteriaren diagnostikoa, eta argazkiak daude atxikituta «kaltetutako» eremu bakoitzaren alboan, diagnostikoan azaldutakoa islatzeko.

Aipatzen diren kaleen  artean, txostenean Larramendi kalea nabarmendu dute, «jende gehien ibiltzen den kalea da, eta 60 urte daramatza urbanizatzen amaitu gabe. Hiru kale-zabalera desberdin ditu: norantza bakarreko bi eta norantza bikoitzeko beste bat. Erdikoan (Larramendi 11) etengabe lehertzen dira linean aparkatutako autoen ispiluak; hain da estua. Bidearen ezkerreko aldea, berriz, lohiz betea egoten da, drainatze eza eta ezpondaren higadura tarteko».

Horrez gain, Lizeaga Auzoko elkarteak kritikatu du «espaloiak hondoratuta» daudela, «baldosak falta dira eremu batzuetan edo batzuk hautsiak daude; beste asko ondo finkatu gabeak, zuloak, eskailera-maila bikoitzak aparkatutako autoetara iristeko, errepide aldera hondoratutako espaloiak eta zementuzko adabaki burugabeak». 

Plazei dagokienez, Madalena 8 «guztiz hondatuta» dagoela nabarmendu du Gibelaldek txostenean, eta justu hiru egiteko nagusi ditu plazak: «erabiltzen dute dorreko bizilagunek zamaketarako; Urumea ikastolako gurasoek aparkatzeko, eta txakur-jabeek bere maskoten beharretarako. Beraz, pena da Auzo Plazatik gertu dagoen oinezkoen gune bakarra hain gutxietsita eta desegoki erabilita egotea bere egoera urbanistikoagatik». 

Lizeaga auzoko parkinen egoerak ere kritikatu ditu Gibelaldek, tartean, Paradorreko karpina: «Plangintzarik gabeko parkin bihurtutako auzoko berdegunea da, autoak eta zuhaitzak tartekatzen dituena. Oinezkoen irisgarritasuna hala moduzkoa da, bi eskailera eta lurrezko bidezidorra baino ez baititu; autoen sarbidea erabili behar da, bestela. Autoek kontrako norabidean atera behar dute ezinbestean eta ziurtasun-arazo ugari sortzen dira bertan: lapurretak, kolpeak, zabor-pilaketa…»

Argiteriari buruz ere jarduten du Gibelaldek osatutako txostenean, «etengabeko adabakien emaitza» dela azpimarratuz. «Kaleetako argi gehienak etxeen fatxadetan daude jarriak, 2. eta 3. pisuen artean; bizilagunen bizi-kalitateari kalte egiten diote eta gaur egun onartezina den argi-kutsadura maila eragiten dute. Gainera, EITak ez du baimentzen argiak ainguratzeko modu hori», argudiatu du Gibelaldek. 

Amaitzeko, auzoko kaleetan plazetan eta parkinetan egindako azterketaren ostean, ondorengo irakurketa egin du Gibelaldek: «Hemen deskribatutako egoeraren laburpenaren ondorioa da auzo hau Hernaniko Udalaren ahaztu nagusia dela. 65 urte bete ditu, eta ez du inoiz sumatu Udalaren interes txikiena politika aktibo bat sortu eta onera ekartzeko. Adabakiak jartzea izan da arazoei irtenbidea emateko modu bakarra, eta behin behineko izan beharko luketenak behin betiko dira hemen. Horrek guztiak auzokideen bizi-kalitateari eragiten dio, garapen ekonomikoari, bizigarritasunari eta, laburbilduz, bizilagunen ongizateari». 

Txosten osoa duzue irakurgai 'Gibelalde.com' atarian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!