'Kelonia eta itsasoa' antzezlana Biterin, haurrentzat

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 12a, 09:01

Haurrentzako antzerki saioa izango da datorren larunbatean, Biteri kultur etxean. 'Kelonia eta itsasoa' antzezlana eskainiko du Gorakada konpainiak, eguerdiko 12:00etan hasita, 3 urtetik gorakoentzat. Sarrerak salgai daude Biterin eta 'kultura.hernani.eus' webgunean.

Dora Cantero da zuzendaria, Nerea Ariznabarreta aktorea, eta Maider Lópezek jarriko du zuzeneko musika, Fran Lasuenek sortutakoa.

Honela dio antzezlanaren aurrerapenak: «Ilargirik gabeko gau batez jaioko da dortoka txikia hondartzan. Bere senak argi eta garbi adieraziko dio itsasora iristeko izarrek ur gainean egiten duten isla jarraitu behar duela. Hala ere, zibilizazioko argiek nahastuta, hirian barrena murgilduko da, guztiz ezberdina den mundu batera. Abesti itxurako bat da Kelonia, adiskidetasunari eta biziraupenari buruzkoa. Dortoka txikiak bere lekua bilatu beharko du, batzuei mesede egiten dienak, beste batzuei kalte egin diezaiokeen (eta alderantziz) mundu batean. Istorio xamur eta dibertigarria, antzoki bateko bastidoreen artean kontatua, zuzeneko musikaren eta objektuen antzerkiaren bidez».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!